ESAITek babesa eman dio taldeari
Euskal selekzioa nazioartean lehiatuko da triatloi proban
Hiru neskak ordezkatuko dute Turkian jokatuko den Europako Kopan
Ander GARTZIA | BILBO
Zailtasunak eta trabak handiak izaten jarraitzen duten arren, Euskal Selekzioa Turkian arituko da igandean Europako Kopako triatloi lasterketan. Nazioarte mailako proban Europako hainbat herrialdetako taldeek hartuko dute parte, eta tartean Zuriñe Rodriguez, Inma Rafael eta Itsaso Leuna atletek osatutako selekzioa arituko da lehiaketan.
ESAIT pozik azaldu zen atzoko prentsaurrekoan euskal selekzioak atzerrian aritzeko izango duen aukeraren aurrean, baina egoera hori oraindik ere iluna dela ohartarazi nahi izan zuen. «Pozgarria da Euskal Herriak nazioartean ordezkaritza izatea eta zoriondu egin nahi ditugu hiru triatleta hauek, baina zoritxarrez hau ez da maiz gertatzen. Gainera, tamalez, horrelako aukerak daudenean ez dute behar adinako babesik jasotzen», azaldu zuen atzoko agerraldian. Era berean, halako irteerak oso garrantzitsuak dira ESAITen ustetan, «askok erabiltzen dituzten gezurrak» agerian geratzen baitira, eta ofizialtasuna lortzea politikarien kontu hutsa dela arrazoitzen dituztenak kritikatu zituen. «Hainbat dira, bere burua zuritzearren, Euskal Herriak nazioartean ofizialki lehiatzeko derrigorrez Estatu izan behar duela aipatzen dutenak. Triatleta hauek erakutsi dute gogoarekin eta federazioen laguntza eta borondatearekin posible dela», arrazoitu zuen Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak.
Euskal zirkuituko onenak
Euskal selekzioko hautatzaile Idurre Bilbao, bestalde, gogotsu azaldu zen zabalduriko ate berri horren aurrean eta Turkiara postu onak borrokatzeko xedearekin joango direla nabarmendu zuen. Horretarako, maila handiko taldea osatzea lortu du, izan ere, prestatzaileak azaldu bezala, euskal zirkuituko sailkapeneko lehen bi postuetako kirolariak arituko dira selekzioan. Itsaso da Inmaren aurretik zirkuitu horretan puntu gehien lortu dituen atleta, eta Zuriñe, berriz, Madrilgo goi errendimenduko zentroan aritu da aurtengo denboraldia prestatzen.
Hala ere, Idurre Bilbao hautatzaileak diru laguntza gutxi jasotzen dutela salatu zuen, beren itxaropena selekzio handiago bat osatzea baitzen Turkian jokatuko den Europako probarako, eta azkenean hiru kirolari baino ez baitira lehiatuko.
Hutsune handia utziko dute, bestetik, Llanos anaiek eta Virginia Berasategi kirolariek, azken hori ibilbide luzeagoko probatan lehiatzen baita, eta ez Europako probako kasuan egingo den distantzia olinpikoan.
Asteburu honetan, halaber, euskal selekzioak hainbat ordezkari izango ditu Japonian jokatuko duten Munduko Kenpo Txapelketan. Kenpoak karatean oinarritutako arte martzialen nahasketak biltzen ditu eta berezitasunik esanguratsuena defentsa pertsonalerako duen teknika programa zabala da. Guztira hamar bat parte-hartzailek osatutako taldeak egingo du bidaia Nagoyaraino igandeko finalean lehiatzeko, eta Estatu Batuak, Japonia, Estatu frantsesa edo Belgika bezalako selekzioak arituko dira.
Hala ere, Sugaitz itxaropentsu azaldu zen atzo, Kenpoa sortu zen herrira bidaiatu baino lehenago, eta adierazi zigunez, «oso selekzio lehiakorra» izango da Euskal Herria ordezkatuko duena. Aurkariak aurkari, lan txukuna egiteko prest daudela argitu zigun eta ez omen dute inolako helbururik baztertzen igandeko finalean. Hala ere, gerriko beltzik edo horren ondorengorik ez duten lehiakideek larunbatean izango dituzte frogak, eta hurrengo egunean lehiatuko dira Munduko Txapelketan.
A.G