GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Masterra

Oraingoan Ezkurrak gaina hartu dio Etxetori

Urruñako atzelariak partida handia egin zuen, eta aurrean, gainera, primeran lagundu zion Herve Etxeberrik. Biek egindako lan onak etzi Modernen jokatuko den finalerako txartela eman zien

ETXEBERRI-EZKURRA   40

MUSKARDITZ-ETXETO  37

Jon LEUNDA | BAIONA

Etxeberrik eta Ezkurra II.ak lortu zuten atzo, Baionan, Masterreko finala jokatzeko bigarren txartela. Atzo ez zen ezustekorik izan, dirua beren alde atera baitzen, eta herenegun ez bezala, zaleen aurreikuspenak bete ziren.

Ikusmin handia zegoen atzo Ezkurra gaztea eta Etxeto elkarren aurka jokatzen ikusteko. Gaur egungo bi pilotaririk onenak dira, eta atzo ez zuten hutsik egin, bi atzelariak izan baitziren finalerdiko onenak. Atzoko gakoa, ordea, aitzinean izan zen, Rene Muskarditzek ez baitu orain dela hiru edo lau urte zuen maila hura, eta bera izan zen ahulena.

Hasieratik bukaerara

9-9 egon ziren adostuta, eta horixe izan zen partidako berdinketa bakarra. Hortik aurrera, Herve Etxeberri eta Paxkal Ezkurra beti gainetik ibili ziren, eta alde nabarmena ere izan zuten alde. 30-19koarekin partidak erabakita zirudien, baina Urruñakoak sekulako txarraldia izan zuen, eta aurkariek ederki aprobetxatu zuten 3-12ko partziala lortzeko eta bi tantoko tartea ateratzeko.

33-31koarekin, eta Ezkurraren nekea ikusita, bezperan gertaturikoa berriro ere jazo zitekeela ematen zuen, baina ez zen horrela izan. Berriro ere Paxkalek jokoari buelta eman zion, eta aurretik jarraitu zuten. Amaieran 40-37 irabazi zuten.

Masterreko finala etzi jokatuko dute, 11.00etan, eta Etxeberrik eta Ezkurrak Larretxea eta Waltari izango dituzte aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo