Nazioarteko XXII. Musika Astea izango da Bermeon, Amaia Urtiaga eta Stephen Hopkins-ekin
Bermeoko Nazioarteko XXII. Musika Astea egingo dute abuztuaren 6tik 10era bitartean. Aurtengo izarrak Amaia Urtiaga soprano bermeotarra eta Stephen Hopkins piano-jotzailea izango dira.
GARA | BILBO
Datorren astelehenean, Nazioarteko XXII. Musika Astea abiatuko dute Bermeon, eta hilaren 6tik 10era bitartean iraungo du.
Guztira bost emanaldi izango dira, denak Andra Mari elizan, 20.00etan hasita; azkenekoa, aldiz, 21.00etan izango da.
Lehenengo kontzertua Empordako ganbera orkestrak emango du abuztuaren 6an. Talde horrek duela 18 urte hasi zuen ibilbidea, eta orotara, 2.000 kontzertu baino gehiago eman ditu. Mundu osotik ibilia da, eta 40 herrialdetara eraman du bere musika. Europako Mugimenduaren Nazioarteko Kontseiluko ohorezko kide izendatu dute, eta hamar disko argitaratu dituzte.
Abuztuaren 7an, T.I.04 ganbara laukotea izango da. XX. eta XXI. mendeetako musika dauka oinarritzat. Gaurko eta garai hartako konpositoreen lanak plazaratzen ditu laukoteak. Bestalde, Hindemith, Stravinsky edo Milhaud maisuen piezak ere jorratzen dituzte. Taldean hainbat jatorriko musikariak dabiltza elkarlanean. Nahiz eta musikaren munduan bizitza gaztea izan, ibilbide trinkoa dute. Adierazgarria da zinema produkzioetarako soinu bandak sortu dituztela.
Abuztuaren 8an, Ricardo Ribeirok Portugalgo fadoak abestuko ditu. Bederatzi urterekin hasi zen kantatzen, eta bere herrialdean antolatutako hainbat lehiaketa irabazi ditu. Estatu frantsesean, Herbehereetan eta Ingalaterran aritu da. Gaur egun, gauero, Marques Da Se fado-etxean lan egiten du.
Izarrak: Urtiaga eta Hopkins
Amaia Urtiaga sopranoa txikitan hasi zen mundu honetan, jaioterriko musika eskolan ikasten. AEBetan ibili da hainbat emanalditan eta kontzertutan opera roletan parte hartzen, eta arlo horretako munduko irakaslerik onenekin ikasi du.
Urtiagak Stephen Hopkins New Yorkeko piano-jotzailearen laguntza izango du emanaldian. Azken horrek 2000n interprete gazteen lehiaketa irabazi zuen, eta AEBetako orkestretan bakarlari gisa ibili da. Hainbat kontzertu eta emanaldi egin ditu, eta musika zuzendariaren papera bete izan du hainbat operatan. Bikote horrek konpositore ospetsu askoren abestiak interpretatuko ditu: Verdi eta Puccinirenak, besteren artean.
Aurtengo edizioa amaitzeko, hilaren 10ean, Awa Project taldea arituko da, 21.00etan. Jazza, funkya eta bluesa erritmo latindarrekin (kalipsoa eta bossanova) eta erritmo afrikarrekin (zouk) nahasten ditu. Euren kontzertuen emaitza nahiko koloretsua izan ohi da.