GARA > Idatzia > Gaurkoa

Sabin Intxaurraga, Andde Sainte-Marie Ezkerreko abertzaleak

Ezkerreko abertzaleon elkarlanaren premia (II)

Poliki-poliki, joan den maiatzean Hegoaldean egindako udal eta foru hauteskundeen ondoren, ari dira erakundeak osatzen. Berriro ere, zera ari gara ikusten, ezkerreko abertzaleen arteko elkarlan ezaren ondorioz eta Alderdien Legearen aplikazioaren laguntzaz Eusko Abertzale Ekintzako zerrenda asko legez hautes lehiatik kanpo utzi eta gero, EAJk eta PSE-PSN/PSOEk aginduko dutela EAEko Foru Aldundi eta Udal nagusietan eta Nafarroan. Nahiz eta Nafarroako gizarteak aldaketaren aldeko apustu sendoa egin, Iruñean UPNk eutsi egin dio alkatetzari eta Nafarroako Foru Gobernuan ere agintzen jarraituko du; izan ere, PSOE Nafarroako erakundeak trukerako txanpon moduan erabiltzen ari baita, datorren urteko Espainiako hauteskundeen atarian PPren erasoen beldur.

Dena dela, Iparraldean eta Hegoaldean egin diren hauteskundeetan abertzaleen arteko elkarlanaren lehendabiziko emaitzak ikusi ahal izan ditugu. Kontraesanak egon diren arren, Nafarroa Bai koalizioak eta Euskal Herria Bai koalizioak emaitza onak lortu dituztela aitortu behar da. Batean EAJrekin eta Batasuna gabe; bestean Batasunarekin eta EAJ gabe (honelako paradoxak sortzen ditu gure egoera politikoak). Paradoxak paradoxa, egiaztatu dena zera da: abertzaleon arteko elkarlana posible dela, eta elkarlan horrek, espainiar eta frantziar nazionalismoari arazoak sortzeaz gain, beste eremu batzuetako indarrak eta gogoak gureganatzea lortzen duela. Elkarlana batzuekin, komunikazio bideak zabaldu besteekin.

Larrialdi egoera dagoelako osatu omen dira bi koalizio horiek. Ez dugu hori ukatzen, baina larrialdi egoeraz mintzo bagara, ez dago ahazterik Euskal Herriko beste hiru herrialdeak ere ez direla paradisua, are gutxiago boz gehien duen alderdi politikoaren buruzagiak -Iparraldeko bere ahaideek egin duten legez- Euskal Herriaren nazio izaera ukatzen duten alderdiekin akordio estrategikoa lortu nahi duenean. Larrialdi egoeran bizi gara: globalizazioa, bortizkeria politikoa eta juridikoa, bake prozesuaren porrota, naziotasun ukatua, autodeterminazio eskubiderik gabe, neoliberalismo sutsuak harrapatuta...

Ezkerreko abertzaleon arteko esparruak hedatuta, abertzale ez diren ezkerreko euskaltzale eta autodeterminaziozaleekin saiatuta eta mugimendu abertzalearen sektore guztiekin komunikazio bideak zabalduta, elkarlanerako bideak aurkitu behar ditugu, aurrean dugun bide luze eta latzari sendotasunez eta duintasunez aurre egiteko.

Erakundeen osaketaz goian aipatutako guztiari garrantzirik kendu gabe, uste dugu askoz garrantzitsuagoa dela gure Herriak behin betiko Justizian eta Askatasunean oinarritutako Bakea lortzea -albo batera utzita gure gizartean babesik ez duten indarkeria bidezko estrategiak- eta normalkuntza politikoaren aldeko apustu sendoa egitea. Egungo marko juridiko-politikoetatik abiatuta (egungo indar-korrelazioak ez du beste aukerarik uzten), abertzaleen artean oinarrizko puntuetan adostasunak lortu behar ditugu, praktikan onar diezaioten gure Herriari bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna. Horrek zera esan nahi du: barnera begira, euskal lurralde ezberdinen arteko (EAEren, Nafarroaren eta Iparraldearen arteko) erakunde komunak sortzeko aukera bermatzea, esparru bakoitzeko herritarrek horrela nahi izanez gero; era berean, kanpora begira, inguruko estatuekin eta Europar Batasuneko erakundeekin nahi den moduko harremana izateko (edo harremanik ez izateko) aukera.

Abertzaleon arteko elkarlana premiazkoa dela uste dugu, eta horregatik, dei egiten diegu alderdi eta eragile abertzale guztiei elkarlanean has daitezen, Lizarra-Garaziko ereduari jarraiki eta inori itxaron gabe; bakoitzaren ardura izango baita gure Herriaren aldeko konpromisoak bultzatzea.

Esan beharrik ez dago, gure independentziaren aldeko borroka demokratikoak ez dituela baztertzen autonomiaren bidez lortutako emaitzak, ezta esaten alderdi abertzale ez diren alderdiekin lankidetza baztertu behar denik ere lurraldetasunaren inguruan aurrera egiteko aukera dagoen bakoitzean, zein herritarrei ezkerreko programa aurrerakoiak bultzatzeko aukerak dauden bakoitzean. Baina argi eta garbi utzi nahi dugu Hegoaldean Autonomien Estatua deritzan ereduak porrot egin duela; eta autodeterminazioa gauzatu nahi dugunok, bakea nahi dugunok, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osorako nahi dugunok, presoak etxean ikusi nahi ditugunok, gatazkak sortutako alde anitzeko sufrimenduari bukaera eman nahi diogunok ez daukagula aitzakiarik geldirik egoteko eta ikuslearen paper erosoa hartzeko, alternatibak sortzeko premia baitaukagu.

Euskal Herri burujabea lortzeko gai izango den indar metaketa osatu behar da. Elkarrekin lortzea zail badugu, sakabanaturik ezinezkoa da. Autodeterminazio eskubidea ez digute emango, hartu egin behar dugu, eta gauzatu. Europan estatu independente bihurtu gabe, ez dago Euskal Herria aintzat hartzerik. Haraino iristeko beharrezko den indarra alderdiek, sindikatuek eta herri mugimenduek lor dezakete, baina benetako indarra gure Herrian datza. Behar beharrezkoa dugu elkarlanerako moldeak finkatzea eta elkarrekin lan egiten ikastea, nahiz eta denak tren berean joan ez. Herriari elkarrekin aukera erakargarria bezain lorgarria eskaintzeko gai bagara, izango dugu herrikideen laguntza.

Amaitzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu ezkerreko alderdien eta eragile abertzaleen arteko lankidetzan sakontzea, Euskal Herri osoko herritarrei hautes eskaintza bateratua eskaini ahal izateko Iparraldeko nahiz Hegoaldeko hurrengo hauteskundeetan; hori gauza dadin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, bakoitza geure esparruan.

(*) Sabin Intxaurraga eta Andde Sainte Marierekin batera, Patxi Azparrenek, Xabier Sarasuak, Txema Landak, Joxe Migel Agirrek, Xabier Soroak eta Beñat Elizondok sinatzen dute iritzi artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo