GARA > Idatzia > Hemeroteka

Pako Aristi 2007/8/1

Jose Mari Sagarduiri

Kaixo, Jose Mari: Duela hilabete bat edo jakin diat hire kasua. Getariara joana ninduan, itsasertzean paseatzera, eta arrantzaleen kofradia aurrean dagoen tabernako terrazan irakurri nian hire historia. Gatza omen duk goitizena; 27 urte daramatzak espetxean. Nire barruan zerbait mugitu zuan hori jakitean. Itsasoak asko laguntzen dik holakoetan erantzuna bilatzen, eta hiri lerro hauek idatzea pentsatu nian. Abuztuko nire kolaborazioetan lehena hiri eskaintzea, ohorez.

Errespetua ere ematen zidak. Nik zer aportatu behar zioat espetxean 27 urte daramatzan bati? Ezer asko ez; edo agian izugarri, ustekabean. Ziurrenik hik gehiago izango duk esateko, hemen kanpoan gabiltzan txorikumeon aldean. Pertsona sakontzat hartzen haut; hire barrua ez duk edozer gauzez egina izango. (...)

Ba al dakik, Gatza, benetan nik zer nahi nuen? Artikulu hau ez idaztea. Hik aukerarik ez ematea. Ze hire kasua jakin nuenean, pentsatu nian «ba, hilabetean igoal gauza aldatu egingo da, eta kalean izango da abuztuaren hasierarako». Imajinatu nizkian protesta itzelak Europan, eta lotsa apur bat epaileren batengan.

Baina hemen ez duk ezer aldatzen, motel. Eta ez aldatzearen poderioz, jadanik ikusi ere ez ditiagu egiten arazoak. Getariako San Anton mendia bezala. Nik jadanik ez diat ikusten hara joaten naizenean, han dagoelako beti, dekoratua osatuz, nik handik paseatzen dudan bitartean. Haren aldaketa xumeekiko itsu nagok. Itsu egoteak inkontziente izatea esan nahi dik. Eta inkontzientziak oroimena ere ilundu egiten dik.

Horregatik ere idatzi diat, Gatza: gure oroimenetik ihes egin ez dezazuen, gure egoera beti horrelakoa izango dela pentsatuz gure kezkak anulatuta uzten dituen arazo konpongabeen denboraren baitara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo