Txosnek aurrea hartu zioten egitarau ofizialari eta jaien gosea asetu zuten ostiralean
Jaietako egutegi ofizialari aurrea hartu zion Txosnen Batzordeak ostiralean unibertsitateetako gunea irekita. Gorka Ortiz de Urbinak eta Iñaki Landak jaso zuten Txosnisaria eta Berri Txarrak-ek girotu zuen gaua
Josune VELEZ DE MENDIZABAL |
Ostiraleroko ohiko presoen aldeko elkarretaratzea amaituta, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatu zen kalejirak erdiguneko kaleak zeharkatu zituen txosnen gunerako bidean, txosnibus eta guzti. Txosnen Batzordeak, iazko moduan eta tradizio bilakatzeko asmoz, aurten ere abuztuaren 4ko egitarau ofizialari aurrea hartu zion.
Gaueko 21:ooetan puntu puntuan zabaldu zen unibertsitateetan dagoen gune alternatiboa. Omenaldiak eta musika izan ziren nagusi, giro ezin hobeagoan.
Txosnisaria Zeledoni
Ohorezko aurreskuak agurtu zituen «Jaietan herri mugimenduarekin entxosnatu» lelopean kalejiran zihoazten lagunak. Txalo zaparrada eta trikitien eta txistuen musika nagusitu zen txosnen gunera sartzeko zinta moztu zutenean. Suziriak piztu eta zerura abiatu ziren. Txosnen irekiera ofiziala zen.
Iaz lehenegoz jarritako karpan izan zen ondorengo ekitaldia. Horren azpian bildu ziren Txosnisariaren ekitaldiaz gozatu nahi zuten ehunka lagun. Datozen egunetan DJak eta herri bazkariak izango dira karpa horretan eta atzo aldarrikapena eta omenaldia egon ziren present. Zeledon pertsonaia omentzea egokitzat jo du aurten Txosnen Batzordeak, kontuan hartuta aurten panpina San Migueleko dorretik jaisten hasi zenetik 50 urte bete direla. Jose Luis Isasik, Iñaki Landak eta Gorka Ortiz de Urbinak bete dute hurrenez hurren, hain ezaguna bilakatu den Zalduondoko nekazariaren papera. Horregatik eurek jaso zuten ostiralean Txosnen Batzordearen saria. Jose Luis Isasik ezin izan zuen bertaratu gaixotasun bat dela-eta. Baina Gorka Ortiz de Urbinak eta Iñaki Landak euren saria jasotzeaz gain Isasiri berea emango ziotela adierazi zuten. Pozik oso agertu ziren Zeledon ezberdinak. Aldarrikapenerako tarterik ez zen falta izan, eta Txosnen eta Blusa eta Nesken Batzordeek elkarren artean idatziriko manifestua irakurrita, gizarteari dei egin zioten Gasteizko Andra Mari Zuriaren Jaiak gaur egun baino partehartzaileagoak izan daitezen, zentsura alderatu eta egoerak hobera egin dezan. Ekitaldiari xanpain brindisarekin amaiera eman zitzaion.
Jaietako lehen kontzertuek jende andana gerturatu zuten unibertsitate inguruetara. Giroa berotu zuen Laia Bizkaiko taldeak bere doinuekin eta beranduago Berri Txarrrak taldea aritu zen jotzen. Kolaborazio berezia izan zuten nafarrek Juanra Kataluniako Kop taldeko abeslariarekin. Bi orduko kontzertuaren ostean animoak prest utzi zi- tuzten Lekunberriko mutilek Gasteizko jaietan bete-betean sartzeko.
Unibertsitate inguruan kokatzen da txosna gunea eta jende andana izan zen han bere lehen egunean. Zeledonen irudiari saria emateaz gain Nafarroako Berri Txarrak taldearen musika ere izan zen egitarauan.