GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako karrikak txiki utzi ditu bestetako egunik jendetsuenak

Baionako bestak aitzina doaz, urtero ohikoa den jendetzarekin. Atzokoa, bestetako egunik jendetsuena izan zen, eta Baionako karrikak txiki gelditu ziren hainbat unetan. Baionako zezenketak salatu zituenik ere izan zen, bestetako zezenketa jaialdian. Bestalde, goizaldean 20 urteko gazte bat hil zen, lagun baten etxera lehiotik sartzen saiatzen ari zela erorita.

p032_f02.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Urteroko gisara, larunbata izan zen aurten ere Baionako bestetako egunik jendetsuena. Asteburua iritsirik, frantziar Estatuko hamaika xokotatik ehunka eta ehunka bestazale hurbildu ziren Baionaraino. Atzoko eguna, azken urteetan ohikoak diren danborrada txikia eta Corsoa bezalako animazio ofizialek girotu zuten. Lehenean, haurrek danborra jotzeko parada izan zuten Baionako atean 10.30etik atzina. Corsoan, berriz, Baionako 11 elkartek karrika desfile tradizionala egin zuten. Aurtengo barraken gaia, marrazki bizidunak izan ziren, eta azken urteetan gatza eta piperra galdu zuen Corsoari bigarren azala emateko asmoz, lan berezia egin zuten Baionako elkarteek.

Baina, gainerako egunetan bezala, zezen eta behiek leku nabarmena izan zuten atzoko egitarauan. San Andres plazan, behi lasterketak iragan ziren, egunero bezala. Horrez gain, Baionako zezen-plazan, Baionako bestetako zezenketak izan ziren 18.00etan.

Zezenketak salatzen

Zezenek eta behiek garrantzia handia dute Udaleko besten egitarauan. Atzoko zezenketak, baina, Baionako bestetan lehen aldiz, zezenketen kontrako sa- laketa ekintza baten lekuko izan ziren. Salaketa ekintza, zezenketen kontrako FLAC elkarteak antolatu zuen. Ekimen nagusia, zezen-plazara zezenketen ikustera hurbiltzen zirenen kontrako «lotsaren harrera hesia» izan zen. Zezenketara hurbilduak, «hiltzaile» edo «torturatzaile» hitzekin, hilzorian zeuden zezenen argazkiekin, eta zezenketen kontrako hainbat mezurekin hartu zituzten protestan parte hartu zuten 100 pertsona inguruk. Zezenzaleen eta protestan parte hartu zutenen artean ez zen liskarrik izan, baina tentsio une batzuk bai.

«Lotsaren harrera hesia», ez zen izan azo FLACek zezenketen salatzeko antolatu ekintza bakarra. Arratsaldean, Baionako Santu Espiritu auzora joan zirenFLACekoak, frantziar Estatuan antolatu zen lehen zezenketaren lekura.

Horrekin, Jean Claude Laborde FLACeko kideak erran zigunez, Udalaren jarrera salatu nahi izan zuten: «Herriko Etxea, Baionak frantziar Estatuko lehen zezenketa antolatu izanaz harrotzen da. Bidean oroigarriak ere ezarri ditu. Guk, zezenketak euskal kulturatik eta jaietatik kanpo direla aldarrikatu nahi dugu».

Izan ere, Baionako Udalak zezenaren irudia baliatzen du Baionako besten promozio kanpainarako, eta FLACek gogor salatu zuen hori atzo. Horrez gain, zezenketetan Udalak egiten duen gastua azaldu zuen Labordek: «Iaz 75.000 euroko galerak izan ziren Baionako zezen denboraldian. 2007ko denboraldia, berriz, 2,4 milioi euro kostako zaio Baionako herritarrari, hori baita haren aitzinkontua».

Hurrengo asteetan, FLACek Gasteizko edo Donostiak zezenketen kontrako ekintzak egiteko asmoa daukala azaldu zuten gainera.

Herri bazkariek jaietako azken eguna girotuko dute gaurkoan

Gaur, Baionako besten azken eguna izanen da. Besten bururatze ofiziala, 00.30ean izango da, Herriko Etxeko balkoitik, Leon Erregeak hiriari agur erran, eta hurrengo urtera arte erretiratuko delarik. Bestetako azken egun hau, Baionako elkarte guztiek haien lokaletan eta karrikan herri bazkariak antolatzeko baliatzen dute. Aurten ere, karrikak bazkaltiarrez beteko dira. Besteak beste, Baionako presoen aldeko bazkaria, Patxa plazan izanen da, 14.00etan. Bestalde, gaur, Baionako eta Iruñeko herrien anaitasunaren karietara, Iruñeko Udaleko ordezkaritza hurbiduko da Baionara. Honi lotuta, Euskal Herrian Euskarazek, bi udalek euskararen aurka duten jarrera salatzeko elkarretaratzea eginen du 12:00etan San Andres plazan.

E.Z.

20 urteko gazte bat hil zen atzo, etxe batetik erorita

Atzo, Baionako bestetan 20 urteko gazte bat hil zen, Baiona Ttipiko Pontrique karrikan. Gaztea, karrikako etxe bateko laugarren solairura igotzen ari zela erori eta zendu zen goizaldeko 4.00ak aldean. Hildakoa Lot et Garonne eskualdeko Agen hiriburukoa zen, eta oporraldia Baionako bestetan pasatzen ari zela jakinarazi dute. Hildako gazteak, beste adiskide batekin, laugarren solairuan bizi den lagun bat bisitatzera zihoan. Laguna etxean ez zegoela oharturik, eskaileretatik metro batera dagoen sukaldeko lehiora saltatzen saiatu omen zen, bertatik etxera sartzeko. Lehiora iritsi ezin, eta lau solairuko erorikoa hartu zuen Ageneko gazteak eta momentuan hil zen.

Atzoko heriotzak aurtengo besten bilana dezente belztu du. Izan ere, asteazkenetik ostegunerako gauean hiru bestazale larri zauritu ziren. Horietatik bik, Baionako harresietatik 9 eta 15 metroko erorikoa jasan zuten. Azkenekoak, berriz, karrikan zegoela, jendetzaren bultzakaden ondorioz bertatik pasatzen zen autobusaren bidean ezarri, eta zangoa larri zauritu zuen.

E.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo