GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bestaz borborka dago Bera; irakiten daude terrazak, karrikak, etxe barruak...

Gori-gori dago Bera. Terrazek, kaleek, ostatu eta etxe barruek... Labeen antza dute denek. Ez soilik haizean ere sumatzen den bestarako grinagatik, eguzki indartsuagatik ere bai. Eta zer dago bainu bat baino hobea burua eta gorputza arintzeko? Bainu freskoak, gaztetxeko bazkaria, bigantxak eta bertze hamaika gozagarri izan zen atzo, jaietako hirugarren egunean.

Maider IANTZI |

Atzo goizean koadrila polita bildu zen igerilekuan. Batzuk toalla gainean etzanda zeuden, zuhaizpean; bertzeak putzu ttipietan plisti-plasta; eta gehienak igerileku handiaren bueltan, hogeigarrenez egin zen txapelketa ikusten. 30 haurrek egin zuten uretara salto crawl edo bular-igeriketa estiloetan bertze aldera ahalik eta azkarren ailegatzeko. Txistu soinua aditzen zen bakoitzean lau ume abiatzen ziren, eta txaloak eta animo oihuak gailentzen ziren. Beratarrek ez ezik, lesakarrek eta leitzarrek ere parte hartu zuten, baita bi madrildarrek ere. Ondotik, bideak bereizten zituzten sokak kendu eta bi ate egin zituzten aulkiekin waterpolo partida jokatzeko; beratarrak kanpotarren kontra.

Tortilla pintxoz, patataz eta freskagarriz betetako mahaiaren bueltan solastu ginen Aritz Perez antolatzailearekin, tti- piak batetik bertzera zebiltzan bitartean, edari eta janari goxoa ahoan, kopa eta dominekin kontent. Eurek bezala egiten zuen Perezek ere haurra zenean, eta orain dela hamabi urtetik lehiaketa prestatzen aritzen da. Denbora horretan guztian ikusi du aldaketarik: «Parte-hartzaile gutiago dago orain. Udan klaseak izaten dituzte umeek eta bertan txapelketan aritzera animatzen dituzte. Horri esker urtero gutieneko kopuru bat ziurtatzen dugu». Garai batean adina lagun ez elkartu arren, gustura zegoela azaldu zigun, eguraldi ederra zelako eta ez zutelako bertze anitzetan bezala euripean igeri egin beharrik izan. Gainera, larunbata izanik kanpoko jendea etorri ahal izan zen eta giro polita sortu zuten denen artean.

Ura izan zen goizeko protagonistetako bat, eta ez igeriketa txapelketagatik bakarrik. Orain urte batzuk Ilekuetako zubian kukaina paratzen hasi ziren, eta makila luzearen gainean oreka mantentzeko jolasa bestetako ohitura bilakatu da dagoeneko. Umeak noiznahi aritzen dira lan zail horretan eta puntara ailegatzeko aitzakiarekin bainu fresko-freskoa hartzen dute errekan. Helduagoek, berriz, azken eguna arte itxaroten dute, 6a arte. Herri bazkariaren ondotik joaten dira Ilekuetara, txarangaren erritmoan dantzan. Bidean, Altzate karrikan, apar besta egin ohi dute eta busti-busti bukatzen dute denek, eurek eta kale bazterretik begira egoten diren guztiek.

Ehun bazkaltiar Kaxernan

Azken eguneko bazkari horretan jendetza bildu ohi da, gazte asanbladak antolatzen duen otorduan bezala. Sarako, Bortzirietako eta Baztango ehun bat lagun elkartu ziren atzo Kaxerna gaztetxean, eta arroz entsalada jan zuten zuhaitzen azpian. Giroa bero zegoen, eta Xabier Silveira, Ministro, Unai Muñoa eta Alaia Martin bertsolarien kantuekin irakiten hasi zen. Bazkaltiarrak zirikatzen aritu ziren laurak, eta makina bat irri eginarazi zuten. Musikarik ere ez zen falta izan, besta hauetarako Kaxernako Txaranga sortu baitute gazte batzuek eta gogoz astindu baitzituzten instrumentuak. Gauean irrintzi lehiaketa egitekoak ziren Altzateko plazako txosnetan eta hurrengo egunetarako ere prestatuak dituzte zenbait ekintza. Bihar, adibidez, aulki jokoa eginen dute.

Bertzalde, gazteentzako kontzertu erakargarriak daude gaur gauerako iragarrita: Pasai Donibaneko Naizroxa, Bartzelonako Tabula eta Berako bertako Himen izanen dira hamabietatik aitzinera Altzateko plazan.

herri kirolak

Haurrentzako herri kirolak izanen dira gaur arratsaldeko lau eta erdietan: trontzan, harria jasotzen, sokatiran, aizkoran, ingudearekin eta zakuarekin ibiliko dira ttipiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo