GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA Hungariako Sari Nagusia

Bizitzako hamazazpigarren «polea» Alonsorentzat

Asturiarrak azkeneko momentuan kendu zion lehen postua Lewis Hamiltoni. Bira azkarra egin behar zutenean, nahaste-borrastea gertatu zen boxetan.

p060_f01_148x096.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Fernando Alonso izan zen azkarrena atzoko behin betiko kalifikazioan. Beraz, gaurko Hungariako Sari Nagusian lehenengo aterako da asturiarra. Azkeneko momentuan lortu zuen pole positiona, jadanik denbora agortuta zegoenean.

Alonsok minutu bat, 19 segundo eta 674 milaren behar izan zituen Hungaroring zirkuituak dituen 4.381 metroak egiteko. Asturiarra oso pozik agertu zen: «Oso pozik nago pole positiona lortzeagatik. Ez da erraza izan eta denok oso estu ibili gara. Hamarren bat edo birengatik dena erabakitzen da». Gainera, esan zuenez, «garrantzitsua da lidergoa hartzea, baina Brasilen lortzea askoz ere garrantzitsuagoa da».

«Lasterketa oso luzea da. Hirurogeita hamar bira eman behar dira eta goiz da esateko garaipena eta lidergoa hartzeak zer nolako garrantzia izango lukeen», erantzun zuen Alonsok FIAko prentsa konferentzi ofizialean.

Atzo lortutako polea bere ibilbideko hamazazpigarrena da Alonsorentzat, denboraldiko bigarrena, Monakoko Sari Nagusiaren ondoren.

Bi aldiz munduko txapelduna denak gaurko lasterketaren inguruan ere hitz egin zuen: «Pneumatikoen portaeraren araberakoa izango da dena. Ni ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko naiz. Lidergoa lortzea garrantzitsua litzateke, baina garrantzitsua ez da orain lortzea, baizik eta Brasil ondoren liderra izatea (denboraldiko azkeneko lasterketa)».

Alonsori berdin dio gaur euria izatea. «Poletik ateratzea beti da ona. Atzetik ateratzea baino hobea da. Lehiakorrak gara bai lehorrean, baita bustian ere», esan zuen. «Irabazteko eta sailkapen postuak hobetzeko aukera handia dugu», gehitu zuen.

Gainerako postuei dagokienez, Alonsoren taldekide eta mundialeko lider Lewis Hamiltonek 127 milaren gehiago behar izan zituen bira azkarra egiteko. Gauzak horrela izanda, McLaren-eko bi gidariak irteerako lehen ilaran aterako dira gaurko lasterketan.

Bigarren ilaran Nick Heidfeld alemaniarra (BMW) eta Kimi Raikkonen finlandiarra (Ferrari) aterako dira. Lehenengoak 1:20.259ko denbora egin zuen; bigarrenak, ordea, 1:20.414.

Nahaste-borrastea

Zaila da Bat Formulan akatsak ikustea, dena oso kontrolatuta izaten baitute, baina noizbehinka gertatzen dira halakoak. Atzoko kalifikazioa izan zen horren ispilu; hainbat akatsengatik, gidari batzuek ezin izan zituzten beren markak hobetu.

Lewis Hamilton izan zen akats horien kaltetu nagusia. Polea erabaki behar zeneko kalifikazioan, gurpilak aldatzeko boxetara sartzean, denbora dezente galdu zuen bere taldekide Alonso bertan baitzegoen gauza bera egiten. Baina, Alonsok gurpilak aldatuta zeuzkan dagoeneko eta pista libratzeko momentua noiz iritsiko zain zegoen. Beraz, Hamiltonek ez zuen astirik izan helmugatik pasa eta bira azkarra egiteko.

Beste alde batetik, boxetan izandako beste arazo batengatik, Felipe Massa ez zen behin betiko txandarako sailkatu. Horrela, zazpigarren ilaran aterako da lasterketa hasieran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo