Jai eredu «elitistari» aurrea hartu eta Gazte Eguna egingo dute Donostian hilaren 17an
Ugariak dira «Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» lelopean Euskal Herrian barna antolatzen ari diren Gazte Egunak. Atzo, Lekeitiok hartu zuen lekukoa eta hilaren 17an, aldiz, Donostian egingo dute.
Oihana LLORENTE |
Independentziari ateak ireki eta gazteen arteko indar metaketa egin asmoz, Donostiako gazte independentistek Gazte Eguna antolatu dute datorren abuztuaren 17rako.
Aste Nagusia bitartean egingo dute Gazte Eguna. Donostiako jai eredua hiri «eredu elitistaren zutabe nagusiena» dela uste dute eta, horregatik, jai horiek «boikoteatzera» eta herriak herriarentzat antolaturiko jaien aldeko hautua egitera gonbidatu zituzten gazteak.
«Bildu, erabaki eta independetzia irabazi!» leloa izango duen Gazte Egunak, eguerdiko 13.00etan ekingo dio bere bideari, Bulebarrean hasiko den manifestaldiarekin batera. Ekitaldiaren ondoren, herri bazkaria antolatu dute gazteek eta arratsaldean, aldiz, aspertzeko betarik gabe, euskal kantak, sagardo dastaketa eta dantzaldia izango dituzte Alde Zaharrean.
Donostiako gazte independentistek atzo egin zuten Gazte Egunaren aurkezpena. Hamarnaka gazte, «independentzia» leloa zuen zapi beltza soinean jantzi eta Trinitate plazan bildu ziren, Gazte Eguna aurkeztearekin batera, euskal gazteriak bizi duen egoera ezagutarazteko.
Bildutakoen aburuz, euskal gazteriari eskubide oro ukatu egiten zaio eta, gainera, «errepresio basatiaren» jomuga dela nabarmendu zuten. Etorkizuna ere ilun ikusten dute, EAJk eta PSOEk gazteen itxaropen oro zapuzteko hautua egina dutela baiteritzote.
Gazte horiek argi dute Euskal Herriaren geroa euskal herritarren artean erabaki behar dela baina Estatu frantsesa eta espainola eskubide horren «zapalketan» tematuta egotea gogor salatu zuten. Ildo horretan, zeren beldur diren itaundu zuten gazteek.
Ezker abertzaleak Anaitasunan aurkezturiko Marko Demokratikorako proposamena ere hizpide izan zuten Donostiako gazteek. Euren ustez, gatazkaren erroan dauden erabakitzeko eskubideari eta lurraldetasunaren aferari irtenbidea emango liekeen proposamena da eta, hortaz, PSOE eta Josu Jon Imaz buru duen alderdiak egitasmo horri «ezezkoa» eman izana gaitzetsi zuten.
Loiolako Gaztexea prezintatuta
Bestetik, gazteriak eredu kapitalistak dakartzan ondorioak ere modu zuzenean jasaten dituela salatu zuten. AHTren eta errauskailuaren «inposaketa» gogor kritikatu zuten gazteek. Biek ala biek, herritarren borondatea aintzat hartu gabe eta interes ekonomikoak direla medio eraiki nahi dituztela adierazi zuten. Alta, gazte eta herri borrokaz proiektu horiek geldiaraziko dituztela ohartarazi zuten.
Etxebizitzaren aferaz ere mintzatu ziren gazteak, hori baita euren ustez beren arazo larrienetakoa. Etxebizitza izateko eskubidea «negozio itzel» bilakatu dela salatu ondoren, gazte borrokaz arazo horri irtenbidea emango diotela esan zuten.
Bestetik, joan den ostegunean udaltzainek Loiolako gaztetxea prezintatu izana salatu eta astelenehenean, 19.00etan egingo den manifestaldiari beren sostegua adierazi zioten.