GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garzonek espetxe-agindua eman du torturan jasotako testigantza oinarri hartuta

Iñaki Telletxea, Xabier Irastorza eta Markos Sagarzazu irundarrak espetxera bidali ditu Baltasar Garzonek, froga gisa Iratxe Sorzabalek torturapean egindako adierazpenak hartuta.

GARA |

Joan den ostiralean, Estatu frantsesak Iñaki Telletxea, Markos Sagarzazu eta Xabier Irastorza Estatu espainolaren esku utzi zituen, eta atzo Baltasar Garzon epaileak espetxeratze-agindua eman zuen hiru euskal herritar horien aurka.

Defentsako abokatuak, ordea, hiru irundar horiek prozesatzeko eta espetxeratzeko «oinarririk ez dagoela» salatu zuen. Izan ere, akusazioen oinarri bakarra Iratxe Sorzabalek 2002an Guardia Zibilak atxilotu zuenean egindako adierazpenak dira.

Sorzabalek, ordea, torturatu zutela salatu zuen, eta inkomunikazioaren ostean haren gorputzaren argazkiek torturaren zantzuak argi agertzen zituzten.

Txostenak ere errugabetzat

Gainera, defentsako abokatuak salatutakoaren arabera, hiru irundarrei egozten dizkieten hiru ekintzak ez zituen aipatu ere egin Sorzabalek testigantzan. Are eta gehiago, Guardia Zibilak berak egindako txostenean hiru euskal herritarrak ekintza horietatik kanpo uzten ditu.

Hala eta guztiz ere, Garzonek «erakunde armatuko kide izatea» eta 1995eko udan Valentzian ustez egindako hiru «triskantza terrorista» leporatuta, espetxera bidali zituen hiru euskal herritarrak. Azkeneko akusazioaren inguruan beste txosten bat egiteko eskatu dio Guardia Zibilari, hiru irundarrek ekintza horietan izan zuten parte-hartzea frogatzeko.

Telletxeak, alta, erakunde armatuko kide izanagatik espetxe zigorra betea du Estatu frantsean. Horregatik, epaileak hori ziurtatzen duen epaia urgentziaz galdegingo duela adierazi zuen.

Auziaren aurrekariak ere adierazgarriak dira. 2003. urtean, Polizia frantsesak Sagarzazu eta Irastorza atxilotu bazituen ere, Paueko auzitegi batek, Fiskaltzaren adostasunarekin, estradizioari uko egin zion. Izan ere, Sorzabali bakartzealdian eman zioten tratuaren gaineko zalantzak ezin izan zituzten argitu.

Baina Estatu espainolak estradizio prozeduraren bidez lortu ez zuena euroaginduaren bidez lortzeko saiakera egin du aurten.

Hiru euskal herritarrak aurtengo martxoan atxilotu zituzten Lapurdin, eta auzia hainbatetan aztertu ondoren, Estatu frantsesak administrazio prozedura onartu zuen.

Garzonek hartutako erabakiaren aurka, 50 lagunek herri batzarra eta giza katea egin zuten atzo iluntzean Irunen.

Lola Lopez

Bestalde, DNA azterketak argudiotzat hartuta, Cosme Delclaux eta Jose Maria Aldaya bahitzearekin harremana izatea egozten dio Polizia espainolak Lola Lopez euskal herritarrari.

Jaiotzez almeriarra da Lopez, eta 2001. urtetik Estatu frantsesean dute preso. ETAko kidea izatea leporatu zioten, eta 17 eta 18 urteko bi kartzela zigor bete behar ditu bertan. Joan den uztailaren 10ean, aldiz, Agurtzane Delgadorekin batera, aldi baterako estraditatu zuen Estatu frantsesak, Auzitegi Nazional espainolak epai dezan; izan ere, biek ala biek Estatu espainolak auzi ezberdinengatik epaitu nahi ditu.

Auzitegi Nazional espainoleko lehenengo Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta, DNA probak egin zizkieten bi euskal emakumeei joan den uztailean bertan. Berri agentzia espainolek atzo zabaldutakoaren arabera, Declaux eta Aldaya ustez bahituta izan ziren zuloan aurkitutako txano batean jasotako DNA bat dator Lopezenarekin.

mobilizazioak

Presoen eskubideen aldeko mobilizazioek ez dute urtarorik ezagutzen. Atzo, adibidez, Iurretan 36, Zaldibian 35, Ataunen 15, Altzan 25, Ondarroan 104, Berangon 28 eta Astigarragan eta Otxarkoagan 26 lagun bildu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo