GARA > Idatzia > Zirikazan

Beharrezko eta hil edo biziko botikek denentzat eskuragarri izan behar dute

Roche/Novartis botika-enpresa erraldoiak Indiako justiziaren kontrako bere lehen bataila galdu izanak argiago utzi du generikoak ezartzeranzko bidea, eta bide horren mende planeta osoko milioika lagunen bizi-kalitatea eta biziraupena bera daude.

Suitzako laborategi horrek Indian indarrean dagoen patente-legearen kontrako gerrari ekin zion New Delhiko Gobernuak leuzemia mieloidea -minbizi mota bitxi bat- tratatzeko botika bat erregistratzeari ezezkoa eman zionean. Datuen arabera, Indian urtero hogeitaka mila laguni diagnostikatzen diete gaixotasun hori. Hala eta guztiz ere, tratamendu hori ezin dute ehun lagunek ere ordaindu, pertsonako eta urteko 25.000 eurotik gora balio baitu.

Merkataritzaren Munduko Erakundearen 1995eko Akordioak indarrean jarriz geroztik, estatuak produktu farmazeutikoen patenteak ematera behartuta daude. Indiak akordioa aplikatzeko hamar urteko luzapena lortu zuen eta, epe hori agortuta, Suitzako multinazionalak eskatutako emakida blokeatzea erabaki zuen. Hartarako argudiatu zuen nazioarteko arautegiak, sustantzia ezagunetatik abiatuta egindako produktuak direnean, markak erregistratzeari uko egitea baimentzen duela.

Erabaki horren abala Indiako minbiziaren kontrako elkarterik garrantzitsuena izan da, botika berriak ez zuelako ordurako merkatuan zegoenak baino eragingortasun handiagorik.

Orain Indiako epaitegi batek atzera bota du herrialde hartako patente-legearen kontra enpresa farmazeutikoak aurkeztutako helegitea. Roche/Novartisen eskaera onartu ez izana botika generikoak ekoizteko bidearen lehenengo bermea da. Bide horrek dagoeneko aurrera egiten du Indian, Brasilen, Hegoafrikan, Txinan, Filipinetan... eta GIBaren kontrako tratamenduak gaixoko eta urteko 10.000 dolar balio izatetik 150 dolar balio izatera igarotzea ekarri du.

Zalantzarik gabe, generikoen produkzioa oinarrizkoa da behar-beharrezko eta hil edo biziko botikak biztanleriaren gehiengoarentzat -herrialde pobretuetakoarentzat ere bai- ordaintzeko modukoak diren salneurrietan sal daitezen lortzeko. Osasun eskubidea sustatzeko aurrerapen hori, ordea, ez zaie komeni sektore horretako multinazional handiei, kezkatuta ikusten baitute nola Indiako laborategietatik dagoeneko garapen bidean dagoen munduan erabiltzen diren erretrobiralen erdiak baino gehiago ateratzen diren.

Kasu honen atzean bada, aldi berean, beste liskar bat, Lehen Munduko interesen araberako uniformizazio-politika geldiarazteko, ez baititu kontuan herrialdeetako garapen maila desberdinak eta osasun lehentasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo