Bilutsik
Esaera zaharrak dio inor ez dela profeta bere herrian. Luis eta Javier Garaialde anaiak Iruñean jaio ziren eta oso gazte zirela hasi zituzten musika ikasketak Pablo Sarasate musika eskolan. Aitak, saxofoi-jotzaile ezaguna, jazz musikaren hazia landatu eta musika mundura bideratu zituen. 90eko hamarkadan, eta hainbat instrumentu menperatzen zituztela, musikaren adar elektronikoan interesatu ziren (gailu zein estiloei dagokienez; acid jazz deitu zenarekin bereziki). Europako disko jartzaile eta musika elektroniko ekoizleen artean (Gilles Peterson edo Rainer Truby, besteak beste) oso harrera ona izan zuten bikotearen binilozko lehenengo irarketek.
2002. urtean «Appetizers» disko luzea kaleratu zuten; jazza, latin, soul eta house erritmoekin osatutako kantu dotore eta ederrez beteta. Brasilgo argitasunak itsututa Salvador de Bahian eman zuten denboraldi luzea eta esperientzia horren ondorioa izan zen 2004. urtean kaleratutako «Everyday Life» diskoa. Aurreko grabazioen osagaiei Brasilgo musikaren ukitua gehitu zioten.
Orain, urte hauek guztietan jasotako esperientzia guztiekin sukaldatutako disko bikoitza aurkeztu digute. Bi zatitan banatuta dago; lehenengoan, sarrera modura, euren aurpegi goxoena erakutsi digute; jazz, soul, funk eta brasildar doinuak oinarri elektronikoekin igurtzita. Bigarren diskoan, berriz, festarako arropa jantzi eta dantzarako aproposagoa den aurpegia erakutsi digute; dotorezia handiz zipriztindutako oinarri elektroniko indartsuak.