GARA > Idatzia > Musika

Prince diskoak oparitzen. «Efektua» / kontzeptua

Ritxi AIZPURU, Musika argitaratzailea

Minneapolis hiriko gizon txikiaren musika-ibilera ikaragarria da. Orain handiagoa. Princek bere inguruan mundu oso bat eraiki du. Biziki harroa izan behar du tipoak hamazortzi urte zituenetik «printzea» edo Prince izenaz bataiatzeko bere burua. Princeren egoak eta nortasunak beste guztiena txiki uzten du, eta txikituta. Multiistrumentista, musikarako sen aparta, sormen bikaina (urte berean hiru disko argitaratu izan ditu). Prince bere harrokeriengatik eta bere parafernaliagatik oso kritikatua izan da. Zaila egiten zait puztutako ego horiek kritikatu gabe uztea; baina hala eta guztiz ere, Prince musikariaren aurrean txapela kentzea baino ez dut. Princeren zale amorratua naiz eta ia bere disko guztiak ditut, eta asko bikoiztuta (biniloan eta cdan). Baina ez dut Prince musikariaz idatzi nahi, baizik eta bere azken harrokeria ausart eta aurrerakoiaz. Aho bete hortz utzi ditu multiak zein txikiak, haserre bizian. Disko-dendak ez dira atzean geratu makilkadetan Prince ingeniotsuaren disko berriaren marketinga eta estrategia zigortzerakoan. Hiru milioi disko doan banatu ditu Erresuma Batuko «The Mail on Sunday» egunkariarekin. Hiru milioi disko oparitu ditu notizia bihurtuz munduko mass media guztientzat. Komunikazio perfektua, marketing biribila eta muturreko estrategia. Princeren estrategia gustatu zait. «Planet Earth» diskoa oparitzearen kontzeptuak esan nahi du disko salmentaren jaitsieraren gainean hausnarketa sakona egin duela eta ekintza horrek, uste dut, merezimendu guztiak ditu hemendik aurrera «Prince efektua» izenaz ezagutzeko. Hiru milioi disko oparitu ondoren Erresuma Batuan (2007ko uztailean), irailean salmentan jarriko du. Banatzaileek eta disko-dendek ez badiote boikota egiten, diskoaren salmenta polita izango da nahiz eta salmenta eza puri-purian dagoen. Ezin da ahaztu Princek izan dituen ika-mika garratzak diskoetxeekin. Bere izenarekin diskoak ateratzeari uko egin behar izan zion epai bat zela medio. Ez dut uste diskoak oparitzea afera horren karietara datorrenik. Prince ez da txepela; buelta asko emango zizkion autoedizio horri. Prince zuzenekoetatik bizi da eta publikoak ez du hutsik egiten. Niri bi edizioak edukitzea gustatuko litzaidake. Oparitutako diskoak bildumazaleen artean oso kontsideratuak egongo dira. Prince aitzindari da musikan eta musikaren kudeaketan. Harro naiz Princez.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo