GARA > Idatzia > Musika

Sepultura brasildarren lurrikarak astinduko ditu jaiak Gernikan

Duela hogei urte baino gehiago Cavalera anaiek Brasilen sortutako trash metal taldea Gernikan dugu asteon. Egun guztiz eraberrituta dagoen laukoteak «Dante XXL» azken lana aurkeztuko du.

p050_f02_149x85.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Gernikako jaiak metal jaialdi eta guzti datoz aurten, Sepultura talde sonatuaren partaidetzarekin. Brasilen sortua, trash metalak eman duen talderik indartsuenetarikoa dugu Sepultura. Egun groove metala lantzen duen taldeak «Dante XXL» diskoa plazaratu zuen iaz. Urte berean, Max anaiarekin batera taldearen sortzaile izandako Igor Cavalera bateria joleak Sepultura utzi zuen. Taldekideek aurrera egitea erabaki dute ordea, eta bere tokia Udora eta Diesel taldeetako Jean Dolabellak bete du.

«Dante XXL» lan berria Dante Alighierik hamalaugarren mendearen hasieran idatzitako «La Divina» Comedian oinarritzen da. Bertan, trash metala arrabitez eta metalez janzten da.

1984an Belo Horizonte hirian sortu zuten taldea Max eta Igor Cavalera anaiek, bata gitarran eta bestea baterian zirela. Beraiekin batera, Paulo Pinto baxu jolea eta Jairo T gitarra jolea ziren. Death eta trash metal doinuak jorratuz, «Bestial Devastation» (Cogumelo Produçoes) ep-arekin egin zuten debuta. «Morbid Visions» lehen lan luzea, berriz, Roadrunner Records zigiluan plazaratu zuten 1986an.

Egun taldea gidatzen duen Andreas Kisser musikariak 1987an ordezkatu zuen Jairo T gitarra jolea. Horrela, askoren ustez Sepulturaren formazio klasikoa dena osatu zen. Ondoren, «Schizophrenia» eta «Beneath The Remains» lanak argitaratu zituzten, arrakasta lortuz.

Dagoeneko mundu mailan ezagun zirela, «Arise» argitaratu zuten 90eko hamarkada hasieran. Rock In Rio 2 jaialdi erraldoian ere parte hartu zuten. Ordutik aurrera, geroz eta metal industrialagoa lantzen hasi ziren, adibidez 1993ko «Chaos A.D.» lanean. 1996an bete-betean zen laukotea eta «Roots» harrigarria argitaratu zuen, Brasilgo sustraia duten perkusioak nu-metal doinuekin nahastuz. Lan bikain horretan Amazonaseko Xavanates tribuko kideek parte hartu zuten, baita Carlinhos Brownek, Korn taldeko Johnatan Davisek eta Faith No More-eko Mike Pattonek ere. Ross Robinsonek egin zituen nahasketak eta Lethal DJak scratchak.

Ondoren, Max Cavalera taldeko gidariak Sepultura utzi eta Soufly sortu zuen. Harrezkero, Derrick Green (Outface/Alpha Jerk/Overfiend) estatubatuar kantari beltza da gaur egun Andreas Kisserrek gidatzen duen taldeko frontmana. Derrick da ahots nagusia «Against» (1998), «Nation» (2001), bertsioz osatutako «Revolusong» (2002) eta «Roorback» (2003) lanetan.

Belo Horizontekoekin batera Effectus talde gernikarra ere izango da kontzertuan. Asierrek, Jonik, Leak eta Monasek osatutako laukoteak «Zulo Desberdinetan» lana aurkeztuko du.

Fitxa

Data: Igandea 12.

Lekua: Herriko plaza (Gernika).

Ordua: 00.00etan.

Sarrera: Doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo