GARA > Idatzia > Euskal Herria

TXIRRITAk ETA TXOLINTXOK, BETERANO IZANIK, 30. URTEURRENA OSPATZEN DUTE

«Zergatik ez dugu osatzen koadrila bat iraganean irteten zen eta egun egiten ez duen jendearekin?». Antzeko galdera bat egin zuten orain dela 30 urte Jose Mari Sedanok eta Javier Azpiazuk. Florida parkeko galdera soil hartatik sortu zen Beterano Eguna.

p017_f06_177x140.jpg

Itziar AMESTOY

Honela azaldu zuen Jesus Ordoñana beteranoen koadrilako kideak egu- na nola jaio zen: «Haiek zabaldu zuten asmoa, eta jendea animatzen joan zen», azaldu du Ordoñanak, eta orain dela hainbeste gertatu zela pentsatzea sinesgaitza iruditzen zaiola esan du. «Bere burua zahartzat jotzen dutenei deia zabaltzen diegu, nahiz eta egun bakarrean izan», esan du.

Aurten, beterano izanik, koadrila pare batek betetzen dute 30. urteurrena: Txirritak eta Txolintxok. Txirritakoek, adibidez, blusa egunean egin zuten bazkariaz gain ez daukate, jaietan, ekintza berezirik pentsatuta urteurrena ospatzeko. Txolintxo koadrilak, ordea, datari garrantzi handiagoa eman dio eta, horretarako, 500 zapi oparituko ditu jaietan eta Santiago egunen. Kako Txolintxoko kideak azaldu duenez, oparitzen dizkieten objektuak, patxaran kutxa bat edo 10 gosari, esate baterako, 1.000 txartelen artean zozkatu dituzte.

Txolintxoko Kako eta Pottoki Txirritakoa ados daude dirua lortzeko modua bilatu behar dutela, Udalak ematen dien diru-kopurua ez baita nahikoa. Pottokikoek urtearen buruan porrak eta antzeko ekintzak egiten dituzte. Txolintxokoak, berriz, aurrerago joan dira. Izan ere, irailean egutegi porno bat argitaratu zuten, eta koadrilako kideak agertzen ziren. «Aurten berriz egingo dugu», mehatxatu du, barratik, Kakok.

Azken urteei begiratu azkar bat eman, eta bi blusek bat egin dute aldaketa esanguratsuenak aipatzen: neskak sartu dira koadriletan eta txistuetatik fanfarreetarako aldaketa. Emakumeei dagokienez, aldakuntza positiboa izan da bientzat. «Hasieran, nagusiak eta gazteak ez zeuden ados, baina hurrengo urtean neskak eta blusak atera ginen, eta ez zen arazorik izan», azaldu du Pottokik.

Neskak sartzeaz pozten dira; Kako eta Pottoki, ordea, ez dira hainbeste pozten txistuei buruz hitz egiten dutenean. «Ez genuen beste aukerarik izan», baieztatu du Txirritako blusak, eta azaldu du beste koadrila batekin elkartzen direnean eta haiek fanfarre batekin baldin badoaz, ez direla txistuak aditzen. Kakok, ordea, belaunaldi txanda jotzen du aldaketaren arrazoi nagusitzat. «Jende gaztea sartzen joan zen; bozak galtzen joan ginen eta, azkenean, txaranga sartu genuen», esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo