GARA > Idatzia > Ikusmira

Lan ezbeharrek ez dute oporrik hartzen

Uztailaren bukaera bereziki larria izan zen. Zortzi egunen bueltan sei langile hil ziren. Hala ere, oporretako hilabete ofizialak ez du hasiera hoberik izan. Erandioko saltegi handi batean langile bat hil zen atzo. Hildakoak 56 urte zituen; margolaria zen eta mantentze lanak egiten ari zelarik gertatu zen istripua. Zazpi bat metrotik erorita hil zen Jesus Couto langilea. Dagoeneko 76 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Lan segurtasun arloko egoera benetan kezkagarria da, eta are kezkagarriagoa erankundeek arazoari eskaintzen dioten arreta eskasa. Izan ere, gertuko eta estatu espainol eta frantseseko erakundeek badute zer egin. Baina, noski, horrek eredu ekonomikoarekin tarteka talka egitea ekartzen du. Azken lan erreformaren lehenengo urteurrenean enpleguaren kalitatea lehen bezain kaskarra dela bistan da. Hego Euskal Herrian lan kontratu berrien %90 aldi baterako kontratuak dira; hots, lanpostu horiek betetzen dituzten langileek eskuak guztiz lotuta dituzte lan-baldintza duinak eskatzeko. Epe motzeko kontratuak, ordutegi aldakorrak, mugikortasun handia, azpikontratazioa, emakumezko eta gizonezkoen arteko soldaten ezberdintasuna, gazteentzako kontratu-zaborrak... Lan istripuen aurkako politika eraginkor batek, segurtasun arauak betearazteaz gain, testuinguru hori aldatzeko konpromisoa eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo