GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Josetxo Ibazeta eta Miren Zinkunegi Donostiako Udaleko hautetsia eta hautetsi ohia

Konponbidea gure esku

Ezer oparitu ez diguten arren, urte hauetan guztietan ezker abertzaleak aurrera egin du. Bai Donostian bai Euskal Herrian

Ezker Abertzaleak Donostiako Udalean ordezkaritza zabala izan du historikoki. Urtez urte, ezker abertzaleko zinegotziek argi utzi dute, politikari profesionalen ereduaren gainetik, lan handia egin daitekeela instituzioetan herritarren alde. Poltronei uko eginez, ezker abertzalearen ordezkaritzak hiritarren interesak alderdi politikoen interesen gainetik jarri ditu. Horregatik zigortu gaituzte. Horregatik duela lau urte kale gorrian utzi gintuzten. Horregatik kolpatu gaituzte berriz ere. Horregatik mututu nahi dituzte 11.000 donostiar. Koherentzia eta herriarekiko zintzotasuna zigortu nahi dutelako.

Apartheid urte hauetan Donostiako Udaleko alderdi guztien jarrera antzerakoa izan da. Batzuek alderdi politikoen legearen kontra hitz egin dute, baina hortik aurrera zer? Hitz polit eta potoloak, baina besterik ez. Apartheid politikoa, demokrazia zero, gainditzeko egin ditugun proposamen guzti-guztiak baztertu dituzte. Hala ere, Donostia ezkertiar eta abertzalea eraikitzen jarraitu dugu. Egun eraikitzen ari diren Donostia elitista eta espainolista gogoko ez dugulako. Errauskailuan, Abiadura Handiko Trenean, zezen-plazan, zinego- tzien etengabeko soldata igoeran, euskararen ordenantzen zapalkuntzan, zerbitzuen pribatizazioan, espekulazioan... Odonizazioan sustraitzen den hiri eredua nahi ez dugulako. Donostia euskalduna nahi dugulako; ondasunaren banake-taren aldeko politika sustatu-ko duena; parte hartzeko demokrazia, etxebizitza, lan baldintza duinak, ongizate politika, kultura herrikoia, gure lurraren babesa... ardatz izango dituena. Beste Donostia bat, alegia.

Ezer oparitu ez diguten arren, urte hauetan guztietan ezker abertzaleak aurrera egin du. Bai Donostian bai Euskal Herrian. Eta lan horrek aukera berria ekarri du gure herriarentzat. Madrilgo Gobernuak, ordea, PNVren babes eta laguntza osoarekin, eta gatazkaren jatorri historikoa eta politikoa kontuan hartu gabe, behin betiko konponbideari ateak itxi dizkio. Ez dute onartu nahi Euskal Herria nazio bat dela eta, beste edozein herrik bezala, bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela. Hala ere, ezker abertzaleak argi du konponbiderako aukerak zabalik jarraitzen duela. Eta horretarako plazaratu du marko demokratikorako proposamena. Egungo egoeratik abiatuz, erabakitzeko eskubidea jasotzen duen Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako autonomia proposamena. Ezker abertzaleak konponbide demokratikoa lortzeko ahaleginetan jarraituko du.

Horrexegatik, Aste Nagusiaren atarian, ezker abertzaleak dei egiten die herritar guztiei bihar, igandea, arratsaldean Bulebarretik aterako den manifestazioan parte hartzera. Era berean, asteazkenean, hilak 15, Udaletxearen aurrean ikurrinaren alde goizean egingo den kontzentraziora joateko gonbita egiten dugu. Baita Aste Nagusian konponbidearen alde, errepresaliatuen alde, jai herrikoien alde... egingo diren ekimenetan parte hartzeko. Konponbidea gure esku dagoelako. Beste Donostia bat posible dela jakin badakigulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo