GARA > Idatzia > Arrauna

Espainiako LX. Traineru Txapelketa

Urdaibai, Orio eta Hondarribia Espainiako tituluaren bila

Aspaldiko partez, Kantauriko tripulazio onenek hartuko dute parte gaur eta bihar Pedreñako uretan jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketan

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Sekulako ikusmina sortu du gaur eta bihar Pedreñan jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketak. Aspaldiko partez, TKE Ligan dabiltzan talde indartsuenek tripulazio onenekin hartuko dute parte estropadan -baita hiru euskal ontzik ere- eta, antolakuntzak jarri dituen diru-sari ikaragarriak kontuan hartuta, lehia ederra ikusteko aukera izango dugu. Gainera, Astillero ere uretan izateak morbo berezia eman dio asteburuko arraun hitzordu nagusiari.

Gure ordezkariei dagokienez, Urdaibaik, Oriok eta Hondarribiak hartuko dute parte Espainiako Txapelketan. Aurreneko biek Euskadiko Txapelketan lortu zuten txartela; Hondarribiak, berriz, azken orduan jaso du federazioaren gonbita, Asturiasko txapeldunak eta Galiziako hirugarren eta laugarren sailkatuek ezezkoa eman baitute. Dirudienez, Perillok, bosgarrenak, hainbat gestio egin zituen Pedreñan egon ahal izateko, baina federazioak nahiago izan du Euskal Herriko hirugarren sailkatua gonbidatu. Euskal ontziekin batera, Pedreña, Castro, Astillero, Tiran eta Meira lehiatuko dira gaur eta bihar.

Atzera begira

Atzera begira jarrita, Orio da azkenekoz Espainiako Txapelketa irabazi duen euskal ontzia. Oriotarrek hamabost aldiz irabazi dute titulu hori, azkenekoz 99an Santanderren, eta haiena da garaipen gehien dituen ontzia. Orioren atzetik, Pasai Donibane da Espainiako titulu gehien dituen euskal ontzia, sei garaipenekin. San Pedrok eta Santurtzik launa dituzte, Kaikuk eta Zumaiak, hiruna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo