Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Espainol eta «demokrata» onak eskolatik (II)
Pasa den asteko artikuluan Educación para la ciudadanía asignatura berriaren nondik norako batzuk hasi ginen hona ekartzen: datorren urtean Nafarroan eta hurrengotik aurrera Baskongadetan ere ezarriko dela, urtez urte egin beharreko irakasgai derrigorra izango dela, Europatik zuzenean datorren agindua dela...
«Ensayo sobre la lucidez» Saramagoren liburuan herri batek zuriz bozkatzen du masiboki hauteskunde batzuetan eta horrek agintea desestabilizatu egiten du guztiz. Sasi-demokrazia honen oinarria jendeak benetan parte hartzen duela sinestaraztean datza, horixe baita botere politikoa legitimatzen duena, betiere ekonomiaren zerbitzura ipintzeko. Horrela, duela zazpi egun ahalegindu nintzen azaltzen zergatik den hain garrantzitsua boterearentzat eskolatik «demokrata» onak egitea. Baina asignatura berri honek eduki osagarriak ere badauzka, hala nola espainol ona izaten irakastea.
Euskal Herrian ondo baino hobeto dakigu zeintzuk diren zutabe nagusiak espainol ona izateko, alderdi, sindikatu eta erakunde ezberdinek zalantzan sekula jartzen ez dituztenak: Espainiako «konstituzioa», hau da, Espainia una, grande y libre eta batez ere indisolublea; eta «biolentziaren gaitzespena». Eta hauek ume eta gazteek ondo ikasi behar dituzte.
Honela, honelako atalak topatzen ditugu ikasgai berri horren edukien artean:
«Conocer los valores universales que se fundamentan en la Declaración de los Derechos Humanos y en la Constitución Española», «El modelo político español: la constitución española y el estado de las autonomías», «Reconocer y apreciar los valores que fundamentan la constitución española y los sistemas democráticos», eta abar. Espainiako konstituzioa, beraz, ez da arau juridiko bat, gurean behintzat ezarria, baizik eta balio unibertsal, on eta ukaezinen zerrenda.
Eta «biolentziari» dagokionez, beste perla batzuk ere topatzen ditugu:
«Rechazo de todo tipo de violencia», «valoración de los derechos humanos como una conquista histórica y rechazo de cualquier forma de violación de los mismos», «los conflictos armados y la educación para la paz»... baina badakigu biolentzia horien guztien artean bakarra ahazten zaiela beti: estatuek eurek indarrez, bortxaz eta armaz ezartzen dutena, euren mugetan barne zein kanpo. Gaitzetsi beharreko biolentzia bakarra disidentziarekin lotzen dena da.
Karta zuria ematen jarraituko duten herritar dogmatizatuak lortzea da helburua eta, hortaz, kezka bakarra ez da Euskal Herrian zer gertatuko ote den, eskoletan horrelakorik irakatsi edo zenbaitetan ezikusiarena egingo ote duten. Kezka estatu espainol osoa eta Europako beste estatu guztiak ere badira, hurrengo belaunaldiek ematen duten karta zuri horrek zuzenean baitauka lotura gure herrian gertatuko denarekin. Apenas inork kontrarik egin ez duela da kezka, ez badira PPko sektorerik erreakzionarioenak, «erlijio» kontuak direla eta, aspalditik objekziora deitzen dabiltzanak, PSOEko gobernua desestabilizatzeko asmo bakarraz.
Gurean euskal curriculuma euskal Herri osoan aplikatzeko aspalditik jorratuko ziren bideak, baldin eta horrelako «balioak» eta horrelako «ciudadanía» landatzea eta lantzea asko eta askori komeni ez balitzaie -eta ez bakarrik asignatura honen haritik, jakina-. Nik neuk argi daukat, momentura arte etika asignatura ez zitzaidan batere gustatzen, etika handiko irakasle askorik ez baitut izan sekula, baina umerik edukiz gero, bai bihurtuko nintzatekeela benetako objektore...