GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Udaletxetik EAJk kanporatu gaitu, eta Ondarroak badaki»

p014_f04.jpg

 
Unai URRUZUNO, OndarroaKO EAE-ANVko zilegizko alkatea

Joan den maiatzaren 27an Ondarroako herritarrek gehiengo absolutua eman zioten EAE-ANVri. Unai Urruzunori eman zioten alkate kargua. Auzitegi espainolek «legez kanporatu» egin zuten zerrenda, eta aitzakiez baliatuta, EAJk bereganatu du Udala.

Zein egoera aurkitu duzue Gestoraren lehen udalbatzara bertaratzen saiatu zaretenean?

Komunikabideen bidez jakin dugu, gaur (atzogatik) 8.00etan, udalbatza egingo zutela eta bertaratu garenerako udaletxeko inguru guztia ertzainez josita zegoela ikusi dugu.

Gestorako presidente Felix Aranbarriren aginduz, soilik 30 lagun sar zitezkeela esan digute ertzainek. Gehienak, noski, komunikabideak ziren, eta herritar gutxi batzuek lortu dute sartzea. Orain arte egin ez dutena egin dute, gainera: udaltzainak herritarren datu pertsonalak hartzen jarri.

Josune Ariztondo eta Felix Aranbarri ere entzun izan ditugu ezker abertzalearekin ere hartu emanak izango dituztela eta halakoak esaten, baina gaurkoan (atzo) ikusi dugu jarrera bestelakoa izan dela. Herritarrei ez diete sartzen utzi; lehen osoko bilkura hau ezkutuan eta herritarren bizkarretara egin dute, eta indarraren bidez, dozenaka ertzain armaz josita bertaratuta. Egoera nahasteko-edo egin dute, prepotentzia guztiarekin, nahiz eta normaltasunaren itxura eman nahi izan.

Normaltasun hori, EAJko kideen aburuz, protesta egin duten herritarrek apurtu dute.

Nahiko esanguratsua da hori esatea. Herria ertzainez josita zuten, poliziak eta bizkartzainak ere aretoan bertan ziren, eta lau herritarrek euren aurrean protesta egin dutelako istiluak sortu dituztela esaten dute.

Udalbatza egin duten lehen egunean indarraren bidez herritarrei sarrera debekatzen diete eta gainera istiluak sortu dituztela esaten dute. Barrura sartu diren lau lagunek adierazi dieten gauza bakarra, zera izan da: Gestorako kide horiek Ondarroan ez dutela inongo babesik, herriak ez diela babesik eman, eta Ondarroan ez direla ongi etorriak. Herriak ez duela kanpotik etorritako politikarien inolako beharrik, herriak argi hitz egin baitzuen hauteskunde egunean, zer nolako udalbatza nahi zuen esanda.

Aranbarrik ezker abertzalearekin hartu emanerako «borondatea» adierazi zuela aipatu duzu. Deirik jaso al duzue?

Ez, ez, ez. Ez dugu inolako deirik jaso.

Kasik egunero Aranbarri bera udaletxetik pasatzen da, baina ez gaitu deitu. Eta gaur (atzo) goizekoa ikusita, bada ez dakigu nola hasi nahi duten lau urteko legegintzaldia.

Eta zuek nola hasiko duzue legegintzaldia?

Argi dugu herriak Udaleko kargu batzuetarako ardura eman digula, alkatetzarena barne, eta ardura hori betetzeko egingo dugu lan.

Oso argi dugu herriarekin eta herritarrekin egingo dugula lan. Herriak eman digun zilegitasunari ez diogu hutsik egingo eta herriak dituen arazoei eta beharrei erantzuna ematen arituko gara, herriarekin lanean.

Josune Ariztondok berak esan zuen ondarroarrek bazekitela EAE-ANVren aldeko boza alperrikakoa zela

EAJk Ondarroan arazo larria du. Ezker abertzalea, orain, Udaletik kanpora badago, EBBk horrela nahi izan duelako baita. Eta hori Ondarroako herriak badaki.

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo