GARA > Idatzia > Euskal Herria

Leitzako gaztetxeak bi urte bete ditu eta egonkortuz joan da

Uztailean bi urte bete zituen Leitzako Gaztetxeak, eta besta arrakastatsu batekin ospatu zuten. Etxea moldatzen, ekitaldiak prestatzen eta bertze zereginetan lanean ibili dira gazteak, eta gaur egun herriko bertze talde batzuk ere hasi dira egoitza erabiltzen. Batzuk zarata dela-eta kexu izan diren arren, besta askorik ez dutela antolatzen eta bizilagunak kontent direla jakinarazi dute. Bestei begira, bazkariak, kontzertuak eta mus txapelketa antolatu dituzte.

p025_f02_124x414.jpg

Jasone MITXELTORENA | LEITZA

Leitzako gaztetxeak bi urte bete ditu uztailean. Hasiera batean, Atekabeltz deitzen zaion etxea erabiltzeko baimena ukatu egin zitzaien, Udalarekin izandako bilerek ez baitzuten aitzinera egin. Gazteak hutsik eta hondatuta zegoen eraikina moldatzen hasi ziren eta, gaur egun, etxea bizi-bizirik dago. Herriko bertze talde batzuek ere Udalari etxea erabiltzeko eskaera egina zioten, eta gaztetxekoek ateak zabalik utzi zizkieten bertara hurbiltzeko. Egun, hainbat taldek erabiltzen omen ditu gaztetxearen gainean dauden solairuak. Gaztetxeko kide batek azaldu duenez, bertan lan egiteko prest agertzen den jendea dagoen bitartean, Atekabeltz bizirik mantenduko da.

Leitzako hiru koadrila inguru ibiltzen dira egunerokoan, guztira 20 bat lagun, eta horiek dira lanean dabiltzanak. Antolatzen diren ekitaldietan, ordea, herriko eta inguruetako gazteek parte hartzen omen dute. Uztailean ospatu zuten bigarren urteurrena eta, bazkarian, 70-80 lagun bildu omen ziren. Kontent daude gaztetxekoak egun hartan izandako arrakasta dela-eta.

Herriarekin duten harremanari buruz galdetuta, oro har ona dela kontatu dute. Baten bat zarata dela-eta kexu izan bada ere, euren hitzetan ez dituzte hainbertze besta antolatzen, eta beraz, ez dute iskanbila handirik sortzen. Bizilagun gehienak eurekin kontent direla uste dute.

Atzo hasi ziren Leitzako bestak, eta hala egin zuten gaztetxekoek ere. Txupinazora animatuta joateko asmoz, bazkaria egin zuten. Autogestionatutakoa zen; antolatzaileek mahaiak, ogia eta edaria jarri zituzten eta bazkaria norberak eraman behar zuen. Gaztetxean ibiltzen diren 30 bat lagun joatekoak ziren, eta jende gehiago ere espero zuten. Txupinazoaren ondoren, gaztetxea ireki eta goizaldera arte zabalik egotea pentsatuta zuten.

Biharko, kontzertuak antolatu dituzte. Baztango Kalapite eta Irurtzungo Kagando y Sin Papel taldeek joko dute gauean Atekabeltz gaztetxean. Astelehenean berriz, Txosnetako Batzordearekin batean Mus Txapelketa antolatu dute. Azken egunean, abuztuaren 14an, kalejira eginen dute herriko gazteek osatutako batukadarekin. Ordu pare batez Leitzako kaleak animatzeko asmoa dute, Atekabeltz gaztetxearen bestetako azken ekitaldi gisa. Hala ere, egunero arratsaldetik irekita egonen da, 18.00etatik 6.00etara, han besta egin nahi duen edozeinentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo