GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaki goxoak dastatu eta ezagutzeko aukera izan zuten turistek Ezpeletan

Eguraldi goxoa; giroa ere bai, eta jakiak, berriz, zer esanik ez! atzo, ezpeletan idoki kalitatezko ekoizpenen sareak antolatu azokan hori guztia aurkitu ahal izan zuten turistek eta bertakoek.

Arantxa MANTEROLA

Azken urteotan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekoizle andana biltzen dituen sareak antzeko ekimenak egin ohi ditu udan ekoizpenak aurkeztu, ezagutarazi eta, jakina, saltzeko.

Hogei bat laborari ziren atzo, eta kontu handiz eta gogo onez ekoitzitako produktuak txukun-txukun paraturik zituzten mahaietan. Horko gasna, xingar, erreximenta, euskal txerria gantzean, ahatekia, axoa, euskal pastiza, arno, sagarno, ezti... zernahi dastatzeko aukera zegoen.

Baina ez hori bakarrik. Ekoizpenen ibilbide osoari buruzko azalpen eta xehetasunak gogotsu eskaintzen zituzten nekazaraiek. Nola landatzen duten hau edo bestea, zer bazkak erabiltzen dituzten animaliak gizentzeko, produktuak nola eraldatzen eta prestatzen dituzten saltzeko... Hitz batean, baserritik kontsumitzailearen ahorainoko prozesua ezagutzeko parada ezin hobea izan zuten bertaratutakoek.

Gipuzkoa gonbidatua

Gainera, urtero egiten duten moduan, beste herrialde bateko ekoizleak -kalitatezkoak, noski- gonbidatu zituzten azokara. Atzo, Gipuzkoako Lurlan elkartekoak izan ziren bertan. Elkartea orain hamar urte sortu zuten eta, Idokiren antzera, base- rriko ekoizpenak bitartekaririk gabe zuzen-zuzenean merkaturatzea da Lurlanen xedea.

Han ari ziren ahal zuten moduan turistei (frantsesak gehienak) beren produktuak eskaintzen. Picant, non picant zioen Tolosako ekoizle batek hatzarekin mota bakoitzeko txorizo ederrak seinalatzen zituen.

Haren esanetan, gogokoen duten produktuetako bat da. Aldiz, gasna Ipar Euskal Herrikoa nahiago zutela aitortu zuen: «Iaz Biarritzen izan ginen eta, han ere, hemengoa erosteko joera zuten. Idiazabalgoa dastatzen zuten, baina nonbait hemengo ardi gazta gehiago gustatzen zaie».

Produktu batzuetan, beraz, elkarren arteko lehia zaila da, esaterako, ahateki, pate edota erreximentetan. Beste batzuetan, ordea, errazago daukate Orexan bizi den baserritar elorriarraren hitzetan: «Gustuko dituzte oliotan jarritako antxoak eta hegaluzea. Horretan ez daukagu konpetentziarik, nahiz eta Donibane Lohizunen ekoizleren batek edo bestek kontserban ere jartzen dituen. Eztia ere oso ondo saltzen dugu. Hemen ezti asko kontsumitzen da, eta prezioan, gainera, alde handia dago. Hangoa hemengoa baino askoz merkeago da».

Hain zuzen, beren mahai parean zegoen Azkaineko eztigile batek salneurrien aldearen zergatia azaldu zuen: «Ez da soilik Estatu frantsesean ezti asko kontsumitzen delako. Hemen garestiago baldin bada, erlezaintzak profesionalizatze bideari lehenago ekin ziolako da. Orain urte batzuk, gasnegileekin gertatu zen bezalaxe ari da gertatzen erlezainekin. Hegoaldean, eztigile asko dago ogibidez erlezain ez dena. Bere eztia labeldunaren elkartera eramaten du eta han ontziratzen diote. Hemen ekoizleak berak lortu behar du labelaren homologazioa, eta horretarako gure jardunak arau oso zorrotzak bete behar ditu, inbertsioak egin behar dira. Han ere, profesionalitzatzen doan heinean, fenomeno bera gertatuko da eta eztia garestiago salduko da. Eta ez dezagun ahantz gero eta erle gutxiago dagoela. Horrek ere prezioan eragingo du etorkizunean».

Bezero bereziak

Pixka bat aurrerago, ELBko kide edo Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentearen txapela kenduta zebilen atzo Mixel Berhokoirigoin, laborari soil moduan, berak ekoizten duen kiwi erreximenta saltzen. Bertaratzen den publikoa berezia dela zioen: «Gure ekoizpenen nondik norakoak ezagutzeko interes handia erakusten dute eta guk gogo onez azaltzen dizkiegu. Finean, horretarako ere egiten ditugu azoka hauek».

Feria horrez gain, etxaldeen bisitaldiekin lotutako baserri-azokak ere antolatzen ditu Idokik abuztuan. Aurten, Aiherrako, Jatsuko, Kanboko eta Itsasuko lau etxaldek irekitzen dituzte euren ateak bisitariek zuzenean ikus dezaten produktuak non egiten diren eta nola lantzen dituzten.

Atzo, bederen, giro xarmantean, trikitiaren doinupean hori guztia ezagutzeko parada izan zuten feriara joandakoek. Haurrek, berriz, Xiba jokoak deskubritzekoa ere bai.

Bazkaltzeko ordua iritsita, ez zitzaien batere axola ordu erdi luze bat, erretilua eskuetan, txandaren zain ilara luzean egotea. Begi-bistakoa zen presarik ez zutela eta itxaronaldiaren buruan, kalitatezko berme guztiekin Euskal Herrian ekoitzitako jaki goxoak izango zituztela plateretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo