GARA > Idatzia > Kultura

Karidadeko Benta taldeak jotzeari utziko dio irailean

Jon Maia bertsolariak bideratzen du seikotea, eta sei urtez aritu dira elkarrekin jotzen. Zumaian eman zuten lehenengo kontzertua, eta bertan egingo dute azkena, festa giroan. Hiru disko atera dituzte eta jarraitzaile ugari dute, baina agur esango diote musikaren munduari.

p052_f01.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

Ibilbidea Zumaian hasi zuen Karidadeko Bentak 2001ean, eta bertan amaituko du festa giroan. Taldea osatzen duten sei kideetatik bost zumaiarrak dira, eta hondartzako kantinako terrazan agur esango diete elkarrekin egindako urteei.

Kontzertu horretan, bidean egin dituzten lagunek, musikariek eta bertsolariek berekin batera joko dute. Azkenaldian, martxa handia hartua zuen, emanaldi asko zuen, eta denbora eta ahalegin handiegia eskatzen du taldeak. Orain memento egokia da, Maiaren esanetan, taldea uzteko.

Villabona eta Zizurkil artean bazegoen duela ehun bat urte Karidadeko Benta izeneko toki bat. Bertan, inguruko bertsolariak elkartzen ziren sagardo upel artean. Leku hartatik hartu zuen taldeak izena, bertako musika eta festa giroa berpiztu nahian.

Genero batean ezin sar daitekeen estiloa da berea. Hainbat diziplinatatik etorritako kideek osatzen dute taldea. Bertsogintza, antzerkia, arte plastikoak, klasikoa edo rocka dira horiek.

Taldea honakoek osatzen dute: ahotsean, Jon Maia bertsolaria eta Arantxa Santamaria; helikoian -tronboiaren familian handiena- eta biolinean, Domentx Uzin; baxuan eta lauda arabiarrean -gitarra arabiar moduko bat-, Jon Manzisidor; haize instrumentuan, klarinetean, tronpetan eta saxofoian, Inaxio Tolosa; eta perkusioan, Imanol Manterola.

Bertsoak eta koplak dira euren musikaren oinarria, eta doinu bereziekin nahasten dituzte kantuak. Hasiera jolas baten modukoa izan zen. Elkar ezagutzen zuen jendea biltzen hasi zen eta horrela sortu zuten oraingo taldea, aurre-ideiarik gabe, ezta proiekturik ere.

Beste musika batzuk ekarri nahi zituzten, eta poliki-poliki, garrantzia hartuz joan ziren; ez zuten diskoak egitea xede.

Jon Manzisidor gitarra-jotzaileak doinu bereziak ekartzen zituen eta Jon Maiak hitzak sortzen zituen, betiere, xederik gabe. Denborak jarri zizkien helburuak, eta horrek eraman zituen taldea serioago hartzera.

Marokoko edo Irango doinuak erabiltzen dituzte kantetan, Jon Manzisidorrek gustuko dituelako. Hark entzuten zuen mota horretako musika, eta herrialde horietako taldeak ezagutzen zituen. Hala, hitzak eta doinuak batzen saiatzen ziren. Bestalde, taldeak dituen instrumentuek, klarineteak, tronpetak edo perkusioa besteren artean, nahasketa hori errazten zuten; egokiak dira ekialdeko musika sortzeko. Doinu arabiarrak, italiarrak edo balkanikoak aurki daitezke euren diskoetan. Abestiak nahiko azkar egin dituzte; ez dute sofistikazio handiegirik bilatzen melodietan. Giroak eta kolore berriak sortzea da garrantzitsuena eurentzat.

Publikoarekin komunikazio handia bilatzen dute emanaldia show bilakatzeko asmoz. Umorea darabilte, baina beti saiatzen dira festa giroa sortzen.

Jon Maiak beste talde batzuentzat hitzak egin izan ditu. Horien artean, Negu Gorriak, Gozategi edo Def Con Dos taldeentzat. Musikariek hitzak egiteko deitzen diote; azkenekoak, Gari eta Mikel Urdangarin. Horretaz gain, bertsotan aritu da Maia. Taldea eta bertsoak uztartzen aritu izan da azkeneko denboraldian. Bestalde, Italian ibili zen boskotearekin 2005ean. Hiru kontzertu eman zituen bertan.

Sei urte hauetan kontzerturik gehienak Iparraldean eman ditu taldeak, eta guztiak nahiko jendetsuak izan dira. Baina bere ibilbidearen loraldia bigarren diskoarekin gertatu zen, «Amore, Amore»rekin. Ordurako, jende askok ezagutzen zituen eta jarraitzaileak bazituzten. Ordutik, emanaldi asko eman dute.

Abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusian izango dira. Egun horretan, aspaldidanik jo ez dituzten kantak abestuko dituzte eta beste musikari bat sartuko dute taldean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo