GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Legez kanpoko» zinegotziek euren lekua bete zuten Leitzako txupinazoan

Duela lau urte Larrain taldea Udaletik kanpo geratu zen alderdi bozkatuena izan bazen ere. Abertzale Sozialisten Batasuna ere legez kanpo utzi dute aurten. Bi talde horiek Udaletik kanporatu izanik, herriaren alde egin duten lana aitortzeko asmoarekin, bi zerrendaburuei eskaini zieten txupinazoa botatzea.

p024_f02_148x096.jpg

Jasone MITXELTORENA | LEITZA

Atzo hasi ziren bestak Leitzan, 18.00etan txupinazoak santiburtzioak abiarazi zituenean. Ezker abertzalea dago berriro ere udalean, EAE-ANVk irabazi baitzituen hauteskundeak. Alkate berri Xabi Zabalok erantzukizun handia duela adierazi zuen, baina lau urtez ezker abertzalea Udaletik kanpo egon dela eta orain lana gogotsu hartu duela esan zuen. Atzo, legez kanpo utzi dituzten bi hautagaitzek herriaren alde egin duten lana aitortu nahi izan zuten. «Ohikoena suziria talde politikoek botatzea da, baina talde politiko izaten utzi ez dietenez, herri eragile gisa bota dute», jakinarazi zuen Zabalok.

Heleni Zabaleta eta Marian Zestau izan ziren txupinazoa jaurtitzearen arduradunak. Lehena Abertzale Sozialisten Batasuneko zerrendaburu aurkeztu zen, eta duela lau urte gehiengoa lortu arren, kanporatua izan zen bigarrena. Suziria botatzearekin batera, hitz batzuk egin zituzten hastear ziren bestei begira. Bertzeren artean, euskaraz bizitzeko deia egin zuten, eta eraso sexisten kontrako jarrera izateko eta jaietan ere ardurak banatzeko eskatu zuten; etxeko lanak emakumearen gain gelditu beharrean, denek besta egin ahal izatea eta lanak konpartitzea. Besta hauetan herrian egoterik izanen ez duten leitzarrak gogora ekarri zituzten, eta aurrerantzean ere bakearen eta normalizazioaren alde lanean segitu beharra nabarmendu zuten.

Aldarrikapenez beteak

Gisa horretan hasi ziren Leitzako bestak. Suziriak botatakoan, plazan fanfarrea, txistulariak eta gaita-jotzaileak herriko karrikak alaitzera abiatu ziren. Gaztetxoek fanfarrearen atzetik egin zuten herriko buelta, dantzatzeari utzi gabe; haur eta helduek, berriz, txistulari eta gaita-jotzaileen inguruan, erraldoi eta buruhandiei jarraitu zieten. Erraldoi gehienak ttipienek egindakoak ziren, eta eurek jarri zituzten dantzan. Herrian zehar joan beharrean, plazan gelditu ziren gazteak, bertan jarritako txosnaren inguruan edo handik hurbil dauden tabernetan. Plazatik behera doan kalean bertze txosna bat zegoen, eta kale amaieran, Atekabeltz gaztetxea. Besta egin nahi zuenak giro ezberdinez gozatzeko aukera zuen Leitzan.

Besta giroaz gain, aldarrikapenez beterik zeuden kaleak: gazteen borrokari buruz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideari buruz... Denetan xelebreena, agian, «Orgasmoa iraultzailea da» zioen kartela zen. Leitza santiburtzio bestetan bete-betean sartuta badago ere, ekitaldi politikoek egitarauan lekua izanen dute. Txosnetako kolektiboek ekitaldiak antolatu dituzte, «Jaiak bai, borroka ere bai!» aldarrikatzeko.

Hori dela-eta, atzo txupinazoarekin batean, «Demokrazia zero» lelopean elkarretaratzea egin zuten. Gaur, 12.30ean, «Bai geure ikurrei, ez inposaketari» aldarrikatzeko bilduko dira leitzarrak. Atzo udaletxeko balkoian zegoen ikurrina. Arratsalderako, gazteen manifestazioa eta ekitaldia prestatu dituzte; 19.30ean hasita, «Bildu, erabaki, independentzia irabazi» leloa zabalduko dute. Astelehenean, Euskal Presoen aldeko Eguna eginen dute Leitzan. 12.30ean, kalejira izanen da herriko kaleetan barna, eta o 14.00etan bazkaria eginen dute Karrapen.

Azken egunean, asteartean, kontzertua izanen da plazan. 00.00etatik aintzinera Losdelgas taldearen emanaldia egonen da bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo