EIBAR Atezain berriaren aurkezpena
Herrerarentzat Eibarrera iristea «aurrerapausoa» da
Atezainak lotu ondoren, aurrelari bat ekarri nahi lukete eibartarrek taldea osatzeko, baina «presarik gabe»
GARA | EIBAR
Manu Herrera atezain madrildarra aurkeztu zuen atzo eguerdian Eibar Kirol Elkarteak Ipuruan. Azken hiru urteetan Levante B taldean izan den 25 urteko jokalaria Valentziako taldeak utzita etorri da «Manix» Mandiolak zuzentzen duen taldera. Hala, Cuellar eta Herrerarekin, aurkitu dituzte eibartarrek hemendik pare bat astera hasiko den denboraldirako beharrezko atezainak.
Lanerako prest, gogotsu azaldu zen Herrera bere aurkezpenean. Real Madrileko harrobian hazitakoa, Casetas, Palamos eta Levante B taldeetan izan da Euskal Herrira etorri aurretik. Hala, «aurrerapausotzat» jotzen zuen Herrerak Eibarrera iritsi izana.
«Bestelako eskaintzarik izan dut, baina hona etortzeko gogotsu nengoen. Aurrerapausoa da niretzat. Nire eginbeharra gogor lan egitea da orain; zelaian ahalegin guztia egitea, Eibarri ahalik eta gehien laguntzeko».
Aurrelari baten bila
Atezainen hutsunea bete ondoren, Gipuzkoako taldeak lantaldea ia erabat osaturik dauka. Hala, ere, Javi Perez, Eibar KEko idazkari teknikoak, «armaginak» aurrelari baten bila dabiltzala onartu zuen.
«Uneotan aurrelari bat aurkitzea da lehentasuna. Taldean dugunarekin konparatuta, apur bat ezberdina izan daitekeen aurrelari bat izatea gustatuko litzaiguke. Ez dugu presarik, dena den, taldea leihakorra baita, baina beste taldeek atzera utz ditzaketen jokalariei begira gabiltza. Izen eta kontaktu zenbait egon badaude, baina ikusiko dugu zer izaten den», esan zuen.
Bestalde, zenbait hedabidetan Athleticek Zubiaurre, Dañobeitia eta Garmendia Eibarri uzteko asmoa duela azaldu da. Horri buruz, Radio Euskadirentzat hitz egin zuen atzo Jaime Barriuso Eibar KEko presidenteak, eta albiste horretazz «ezer ere» ez zekiela adierazi zuen.
«Ez dakit nondik sortu den albiste hori. Athleticekin harreman ona dugu, bai, baina berandu eta txarto dator berria. Denboraldi-aurrean eskaini izan balizkigute, baina orain taldea eginda daukagu», esan zuen.
Goizean, berriz, entrenamendua izan zuten «Manix» Mandiolaren mutilek, non min hartuek sendatzeko bidean daudela erakutsi zuten.