EAJk PSOEri eta PPri beto eskubidea ematen diela salatu du Garaikoetxeak
«No imponer, no impedir» leloaren inguruan Josu Jon Imazek mahaigaineratu duen estrategiak Estatuko alderdiei «betoa jartzeko eskubidea» ematen diela aipatu du Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak. Akordiorik ezean, ge- hiengoak erabaki behar duela nabarmendu du.
GARA |
Denon ahotan jarraitzen du Josu Jon Imaz EBBko presidenteak «No imponer, no impedir» leloaren inguruan planteatu duen estrategia. Horren arabera, Estatu espainolarekiko adostasunaren bidez hartu behar dira erabaki guztiak, kontrakoak «inpo- satzea» dakarrela uste baitu. Tesi horri aurre egin zion atzo Carlos Garaikoetxea EAko ordezkariak eta lehendakari izandakoak, Bakion emandako hitzaldi batean.
Irizpide hori EAJren zuzendaritzak onartutako idatzietan finkatuta dagoela gogora ekarri zuen Garaikoetxeak, eta horretaz ohartarazi zuen: «Horrek betoa jartzeko eskubidea ematen die PSOEri eta PPri, Euskadin demokratikoak diren eta gehiengoa duten erabakiak izan arren».
Carlos Garaikoetxearen hitzetan, «EAJren zuzendaritza tranpan erori da, tamalez». Adibide gisa, Nafarroan gertatutakoa mahai gainean jarri zuen Ajuria Eneako Jauregian agintea izan zuen EAko kideak. PSOEk azkenik gobernu alternatiboaren aukera baztertu eta UPNri boterea eman dio. Hala, honako ondorio hau atera du Garaikoetxeak: «Badakigu zein esanahi duten dogma horiek guztiek: `transbersalitateak', aniztasunak, `no imponer, no impedir' horrek. Inoiz ez da argiago gelditu nola erabiltzen den betoa jartzeko eskubidea, bai hemen bai Madrilen». Alde horretatik, EAJ eta EA Nafarroa Bai koalizioaren kide dira eta, ondorioz, biek jasan dutela PSOEko zuzendaritzak harturiko erabakiaren ondorioa, aste luzetan Fernando Puras buru izan zuen ordezkaritzarekin harremanetan ibili ondoren.
«Blancok ulertu du»
Garaikoetxeak haren alderdikideei Bakioko hitzorduan esan zienez, «Jose Blancok argiki ulertu ditu» EAJren tesiok, bere alderdiaren erabakien gainetik beto eskubidea ezarri baitu. Hala, PSOEk PSNren aurka jokatu duela ekarri zuen gogora.
«Estatuko alderdi baten ikuspuntutik aniztasuna zer den bistan dago: bigarren indarrari bizkarra ematea eta hiritarrekiko kezkaren gainetik aberri `handi eta libre' horren kontzeptua jarri», erantsi zuen Carlos Garaikoetxeak.
Bere ustez, «gizartearen zati handi bati bazterkeria politikoa ezarri nahi izan zaio, honekin akordioak lortzeko ezintasuna argudiatuta, programen inguruan eta gobernu egituraren inguruan erabateko adostasuna izan arren».
Lakuak planteatzen duen galdeketaren alde agertu zen EAko agintariak, horretarako «konpromisoa» dagoela aipatuz, eta «alderdi zentralistek» horren aurka ETA erabili nahi dutela salatu zuen.