GARA > Idatzia > Arrauna

HIBAIKA A.E., Dozena bat urte geroago lehengo ilusio eta gogo berarekin

Denbora luzea eman du Hibaikako traineruak itsasoan lehiatu gabe. Ez da ohikoa ontziak uretatik kanpo ikustea baina gauza arrunt bilakatu da GARAk babesten duen taldearentzat. Zailtasunak zailtasun hainbeste urte lehiatu gabe egotea ez da nahikoa ilusioak itzaltzeko.

p042_f01_250x136.jpg

Ander GARTZIA

Hamabi urtetan gauza asko aldatu daitezke kirolean eta arrauna ez da inongo salbuespenik. San Miguel liga, KAE edo GPS hitzak arrotz egingo zaizkio mundu hau azken urteetan jarraitu ez duen zaleari. Badira, ordea, hemen ere aldatzen ez diren gauza batzuk. Esfortzua, gogoa, lana eta ilusioa. Eguneroko gauzak dira edozein arraun talderentzat baina Hibaikakoek ez dute ahaztu dozena bat urte pasa arren. Aurten denboraldi berri bati eman diote hasiera baina ilusioa bera da.

Denboraldia azken txanpan sartu da eta «trainerua eta emaitzak ikusita» orain arte egindakoarekin gustura agertu da Alex Orena prestatzailea. Egun KAE ligako bigarren mailako zortzigarren postuan dago Hibaika A.E. baina azken emaitzak ikusita sasoi puntua beranduegi aurkitu duten sentsazioa nabari da. Denboraldia beheko postuetan hasi ondoren traineruak sendoagoa eta bateratuagoa dirudi azken estropadetan. «Taldea lehendik eginda zegoen. Zortzi arraunlariz osatutako bloke bat bageneukan baina ekainean San Pedrok utzitako lau arraunlariak taldean akoplatzeko lan handia izan dugu. Badirudi orain hasieran baino hobeto gabiltzala baina oraindik asko geratzen zaigu aurrera egiteko», argitu dio entrenatzaileak GARAri.

Hiru estropada baino ez zaizkie geratzen KAE-2 ligako taldeei -Portugalete, Deustu eta Colindres-, igoera fasea lehiatuko diren bi ontziei salbu. Ohore hori, aldiz, ez zaio aurten behintzat Hibaika Arraun Elkarteari egokituko. «Ez daukagu aukerarik sailkapenean aurrerapausorik emateko. Hala ere, gure helburua geratzen diren estropadak ahalik eta modurik onenean prestatzea da. Litekeena da zortzigarren postuan bukatzea denboraldia, baina hurrengo jardunaldietan gogor lehiatzen saiatuko gara», iragarri du Alexek.

Azkenekoz 1995ean

Urte asko pasatu dira Hibaikaren izena estropadetan entzun gabe. 1995ean sanjuandarrak eta oriotarrak Kontxako uretan lehiatzen ziren bitartean, orain gutxi arte azkenak izan diren paladak eman zituzten Errenteriako arraunlariek. Hala ere, denbora etengabean aurrera doa eta dozena bat urtetan arraunak ikaragarri egin du aurrera. Atzean geratu dira egurrezko traineruak eta une oro erlojuaren aurka jardun duen kirol batean segundoak urrezkoak omen dira. Neguan egindako lan gogorrak fruituak eman ditzan beharrezkoa da tresneria ere lantzea. Horregatik, material berrienarekin lehiatu beharra du itsasoan lehiakorra izan nahi duenak. GARAk babestutako taldeak aurrera egitea lortu du, talde apalek denboraldia bukatu eta ondorengoa hastea erronka nagusi duten mundu honetan, nahiz eta Pasai Donibaneren ontziarekin eta Zarautzek utzitako arraunekin lehiatu beharra izan. Entrenatu ere, Donibaneko taldearen instalazioetan egiten dute maiz, Errenterian itsasbehera dagoenean ezinezkoa baitzaie modu egokian arraunean aritzea.

Izan ere, arraun munduko talde txikiek horixe dute: marearekin bezala gora eta behera dabiltzala. Hibaika, ordea, ez dago prest olaturen batek noiz joko zain egoteko eta etorkizunari begira arraunlari gazteak nahi ditu datozen denboraldietarako. «Jende gazte gutxi dabil gure artean. Bada 17 urteko bat gurekin arraunean eta San Pedroko 20 urteko lau mutil ere. Gustatuko litzaiguke klaseren batzuk ematea eta Errenteriako gazteak gure artean arraun egitera animatzea». Aurten taldeko beteranoei tokatu zaie ontzia eustea baina etorkizuna ziurtatzeko gazteen beharra dute talde apalek. «Datozen urteei begira, gaudenok mantendu nahi dugu. Lehenago aritutako batzuk berreskuratu eta posible bada, jende gaztea ekarri», adierazi du Alexek. Oraingoz, itsasoan lehiatzen jarraitu nahi dute errenteriarrek eta trainerua uretara doan bakoitzean herriko gazteentzako ateak zabalik izango direla argitu nahi izan du taldeko entrenatzaileak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo