GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Ume palestinarren irria gurean

Ahmad, Fatima eta Rawanekin izan gara berriketan eta gauza asko ikasi dugu. Ahmadek eta Fatimak hamaika urte dituzte eta Rawanek hogeita bat

Euren abentura uztailaren 28an hasi zen. Berrogeita zortzi neska-mutiko, laguntzaile eta monitore batzuk autobusez zihoazen Palestinatik Amannera (Jordania), gero Madrilera joateko. Asmoa hilabete bat, behintzat, zenbait udal-lekutan igarotzea zen eta Zisjordaniako errefuxiatu eremu itogarrietatik kanpo bestelako mundua ezagutzeko aukera izatea. Pozez, irribarrez abiatu baziren ere, oso gutxi iraun zuen euren poztasunak: Jerikoko mugan Israelgo soldaduak itxoiten baitzeuden. Autobusetik jaitsarazi, datuak hartu eta maleta guztiak zabalarazi zizkieten gordetako ametsek zer-nolako kolorea zuten ikusteko. Eta hantxe agertu ziren gurasoek goxo-goxo tolestutako kamisetak, txandalak... bestelako itxura hartu bitartean. Bederatzi ordu egin zituzten bide bazterrean baimena eman arte. Oraindik umeak dira, baina laster auskalo! Nagusi bi erretenitu zituzten, hori dela-eta hegazkina egun bat beranduago hartu zuten.

Gu euren egoera hobeto ezagutzeko asmoz Sopelako Ander Deuna ikastolan izan gara Saif-ek (monitoreetako bat) lagunduta eta hantxe ikusi ditugu afaltzen gurera etorritako hamazortzi neska-mutiko eta hiru monitore; gainontzekoak Katalunian eta Estatu espainolean daude barreiaturik. Gurekiko abegikortasuna momentuan gelditu da nabarmen eta eurekin afaltzera gonbidatu gaituzte. Saifek hogeita zazpi urte ditu, aurpegian bizarrak erdi ezkutaturik tiro batek egindako orbaina dauka. Baina ez da bakarra, esan digu txantxetan. Berak azaldu digu ekimen honen zergatia: heziketa, eta honen barruan kontrastaketa eta aktibitateak, nola bizi garen eta nola pentsatzen dugun ikusteko; sentsibilitate kanpaina, eurak nola bizi diren gu jabetzeko, eta okupazio militarretatik kanpo bizi izatea badagoela umeei erakustea. Horrez gain, ahalik eta ondoen pasatzeko hemengo monitore batzuk gidatuta, egunero mendira, hondartzara... joaten dira.

Neskatxo bat hurbildu eta bere irribarre polita eskaini digu. Waed du izena eta pozik dago oso, bere neba oraintsu kartzelatik atera dutelako; hemen gustura dago, baina gogoa du etxera bueltatzeko. Waedek oso gertutik ezagutu izan du bere herriaren sufrimendua, oso txikia zelarik aita eta osaba hil egin baitzituzten. Baina ez da bakarra hamazortziko taldetxo honetan; Orooben neba bi ere kartzelan daude. Presoen bisitak murritzak izan ohi dira eta sarri askotan bisita egunean bertan behera gelditzen dira inolako azalpenik emateke.

Eguzkiaren azken tarteko epela aprobetxatzeko batzuk jolasean aritu bitartean, gu Ahmad, Fatima eta Rawanekin izan gara berriketan, Saifek lagunduta, eta gauza asko ikasi dugu. Ahmadek eta Fatimak hamaika urte dituzte eta Rawanek hogeita bat. Rawan Askar errefuxiatu eremuan bizi da. Askar 1956an egin zuten bostehun pertsona bizi izateko; egun, hamalau mila bizi dira eta mediko bakarra dute. Ahmadek eta Fatimak ere gogoa dute barrukoa askatzeko, begi ederren dirdirak salatzen die. Hauxeek ere errefuxiatu eremuetan bizi dira, baina Ramalan eta Jerikon. Ahmad serioa da eta azkarra ematen du. Ingelesez oso ondo egiten du, baina Saifek arabieraz zuzentzen dizkio geuk egindako galderak. Hemen gustura izan arren, familia du faltan. Fatimak ere gauza bera esan du, euren lekua hantxe dago. Muturreko egoera batean bizi dira, baina irribarrea ez dute galtzen. Ea israeldar lagunik duten galdetuta, aukerarik ez dutela esan digute; harreman bakarra Armadakoekikoa da eta horiekin... Fatimarekin, beste gai batzuen artean, musikaz aritu gara; kanta baten zatia kantatu digu. Bukaera aldera motzean aritu gara eta aldez aurretik prestatu balute bezala erantzun digute: Palestina, duintasuna; Israel, terrorismoa; Intifada, borroka. Amerikarrak, traidoreak; Ramadana, eroapena; Hamas...

Hilaren 18an Euskal Herrian dauden ume guztiak Madrilera joango dira gainontzekoekin batera abuztuaren 25ean Paz ahora, ISM, Biladi eta Errefuxiatu Kanpoek -ekimen honen bultzatzaileak- antolatutako festan parte hartzeko. Saif kezkatuta dago bueltakoan ez ote duten berriro horrelako umiliazioa pairatuko.

Ez ditzagun begiak itxi eta erakuts diezaiogun elkartasuna Palestinar herriari, merezi du-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo