GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Aldaketak datoz mundura ...

Aldaketak datoz mundura....nor den herriak badaki». Ama, ama, barrez lehertzen nago. Igarlea gero kanta horren hitzak jarri zituena! Horra Nafarroan izan berri den made in navarrako aldaketa, 360 gradukoa. Hori dok/n eta aldaketa! Beheko estatuko gobernu-alderdiak Nafarroan duen sukurtsaleko sozialistek zera pentsatuko zuten, seguruenik, balizko negoziazioa abiatzerakoan, aldaketa egitekotan totala egingo! Zertarako erdibidean geratu! Eta horra, 360ko bira egin dute, 180 graduko estazioan itxurazko keinu batzuk egin ondoren. Azkenean, eta azkena da balioa duena, helmuga abiapuntuan bertan aurkitu dute. Horixe bai benetako ziklo politikoa, hasi eta leku berean amaitzen dena, itxia. Ordena desordenatu ez dadin; estatuak iraun dezan. Amen. «Gertatuak ez du ardura ...». Agerian geratu da, berriro ere, ofizioz sozialista ofiziala den «pertsonaren adin» hori. Kasik esango nuke nik konfiantza gehiago ematen didala Estatu Batuetako Erreserba Federalak arrosaren alderdi horrek baino. Tira, halako trekking motza egiteko ez zuten goretexezko botarik behar, ortozik ere egin zezaketen moketazko bide leuna.

Hau don/k hau! Abuztuak urtero agindu legez, egun batzuk kanpoan ibili eta etxera bueltan nentorrela gauza bat nuen buruan sartuta, hortik ezin aterata: beteko ote zuen Lakuak banderen legea hondartzetan? Heldu eta segituan joan naiz gertuen izan dudan hondartzara eta... zorionez, ez dute legea bete, momentuz behinik behin. Hantxe zen bandera gorria lau haizetara, ondoan piperpotorik ez zuela. Ezin dut imajinatu ere egin zer izango zen piperpotoa mastaratu balute hondartzetan ohiko banderen ondoan, handiagoa, altuagoa eta astunagoa. Hareak berak ere alde egingo zuen olatu-stop eginda. Eta harriek ere berdin, olatuek eramango balituzte behintzat; eta seguru baietz, oldartu egingo zirelako olatuok hondartzaren kontra, halabeharrez. Ez, ez da garai ona ez lehorrean, ez itsasoan, ez kanpoko espazioan, askatasun eremu gutxi geratzen dira horietan guztietan. Errusiarrek euren bandera jarri berri dute non eta Ipar Poloko itsas hondoan; ez zaie nahikoa azalekoa. Estatubatuarrek espaziontzia bidali dute euren izarduna han ere ezartzeko, petrolioa izan daitekeelakoan edo. Tira, gauzak horrela, ulertzen dut montzoien haserrea, lastima ez dutela beste jomuga hautatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo