GARA > Idatzia > Euskal Herria

Leitzaren alde Aurrera Elkarteak egin duen lana omendu du Udalak

Aurrera Elkarteak urte asko daramatza Leitzan ekimenak antolatzen. Horrez gain, bertako pilota eskolak aurten Euskal Herriko herrien arteko txapelketa irabazi du, eta futbol taldea «preferente» mailara igo da. Udalak omenaldia eskaini zien atzo, egindako lana aitortzeko.

p022_f02_148x080.jpg

GARA |

1927. urteko argazki batzuek Leitzako Aurrera taldeak herriko bestetan zuen parte-hartzea erakusten dute. Geroztik herriaren alde egindako lana indartuz joan da eta 1970ean sinatu zituzten egungo Elkartea sortu zuten estatutuak. Hainbat batzordek osatzen dute Elkartea, eta horietako batzuek aurten ospatzeko asko daukate: Pilota eskolako gazteek Euskal Herriko herrien arteko txapelketa irabazi dute; 1971 eta 1972 urteetan ere leitzarrak izan ziren txapeldun, eta bertze aldi pare batean txapelduorde gelditu omen ziren. Txapela herrira itzultzea gogo handiarekin hartu dute.

Futbol taldeak ere badu pozik egoteko arrazoia: Aurtengo denboraldian preferente mailara igo da. 1967an sortu zen Aurrera Futbol Taldea, eta hainbat mailatan ibili izan da. Bertze taldeetako bat dantzariena da eta joan den irailean bidaia egin zuten Txekiara, han antolatzen duten «Babi Leto» kultura jaialdira gonbidatuta. Horrez gain, «Zaldiperrak» taldeak joan den ekainean guztiz arrakastatsua izan zen besta egin zuen; zaldiak dantzan ikusi ahal izan omen ziren egin zuten erakusketan. Batzorde gehiago ere badaude: Mendi taldea, elkartearen etxeaz arduratzen direnak, besten batzordea... Urte osoan Leitzan antolatzen diren besta eta ekitaldiak batzorde horrek antolatzen ditu eta elkarteak eta Udalak ekarpen ekonomikoa egiten dute. Aurrera Elkarteak aipamen berezia egiten die jaietako programarekin argitaratutako Plazaola aldizkarian, (hori ere elkarteak argitaratzen du) eta zuzendariak adierazi duenez, 50 bat lagun dabil horietan lanean. Elkarteak diru-kontu bat gordetzen du batzordeentzat, baina beren autonomia omen dute, eta ekitaldi guztiak beren kabuz antolatzen dituzte, bertako zuzendari Karlos Agirrek aditzera eman duenez.

Bazkideen sostengua

Elkartearen sostengu garrantzitsua bazkideak dira. 314 lagunek urte askoan xuxen-xuxen egiten dute euren ekarpena, bueltan deus eskatu gabe. Agirrek azaldu duenez, ezinbertzeko laguntza hori eskertu nahi izan dute aurten, eta bertze gauzen artean, hemendik aintzinera abantailak izango dituzte Elkarteak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. Errate baterako, astelehenean jokaturiko dituzten pilotari profesionalen partidak ikusteko 30 euro balio du sarrerak. Bazkideek, ordea, 20 euro baino ez dute ordaindu beharko bertan izateko. Bertze helburuetako bat Aurrera-ren egoitza den etxea moldatzea da; bazkide guztiak «etxean bezala sentitzeko» eraberritu nahi dute, denek erabil dezaten. Bazkide guztiek bertan parte hartzera bultzatu nahi dute. Datorren hilabetean, berriz, «Aurrera Eguna» egitea pentsatuta daukate. Hala, egun osoko egitarauaz gainera, bazkari bat eginen dute eta bertan bazkideak biltzea espero dute.

Agirrek azaldu duenez, gero eta zailagoa da borondatez eta elkarlanean herriarentzat ekimenak antolatzea. Lehenago ez zen deus kostatzen jendea bildu eta edozer antolatzea, baina orain bakoitzak bere gisara ibiltzeko ohitura handia dauka. Aurrera Elkarteak ilusioarekin segitzen du aintzinera, eta horri eusten saiatu beharra dagoela adierazi zuen Agirrek. Adibide bat ematearren, bestetako egitaraua banatzearena aipatu zuen. Musikarien laguntzarekin egiten dute banaketa hori, baina azken urteetan «lau katu» ibiltzen omen ziren kalejiran. Aurten ekitaldia berpizteko bazkari bat antolatu zuten. 110 lagun bildu zituzten, eta ondotik etxez-etxe egitaraua banatzea besta bihurtzea lortu zuten.

ospakizun urtea

Aurrera pilota eskolak Euskal Herriko Herrien arteko Pilota Txapelketa irabazi du aurten. 1971-1972 urteetan ere txapeldun izan ziren leitzarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo