Espainiako LX. Txapelketa
Urdaibai eta Hondarribia tituluaren bila irtengo dira gaur
Sailkapen estropadako bi denborarik onenak lortu zituzten eta finalerako sailkatu ziren Pedreña eta Castrorekin batera; Oriok ez zuen bere maila eman.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Urdaibaik eta Hondarribiak Espainiako Txapelketa lehen aldiz irabazteko aukera izango dute gaur arratsaldean (17.00) Pedreñako uretan. Bizkaitarrek, txanda irabazteaz gain, sailkapen estropadako denborarik onena lortu zuten atzo (20.43.78) eta gipuzkoarrek bigarren amaitu zuten Castrori ozta-ozta aurrea hartuta. Beste bi finalistak Pedreña -etxeko taldeak lehen txanda irabazi zuen- eta Castro -probako laugarren denborarik onena- izango dira. Oriok, titulua irabazi duen azken euskaldunak, ez zuen estropada ona egin eta finaletik kanpo geratu zen estropadako irabazlearengandik 24 segundora.
Urdaibai eta Hondarribia bigarren txandan irten ziren Castro eta Tiranekin batera. Kantabriarrak hil ala bizi irten ziren hasieratik eta lehen ziabogan eurek ezarri zuten denborarik onena. Tiranek ere oso irteera ona egin zuen eta lehen maniobran euskaldunen aurretik zen. Bigarren luzean, ordea, Urdaibaik estropadaren burua hartu zuen eta hirugarren ziabogara iritsi arte sekulako lehia izan zuten Etxaberen mutilekin. Bizkaitarrek azken luzean erabaki zuten estropada eta barrura sekulako lana eginda pare bat ontziko aldea atera zuten Hondarribia eta Castrorekiko. Azken bi horien arteko lehia ere oso polita izan zen eta, azkenean, gipuzkoarrek amaitu zuten bigarren segundo bateko alde estuarekin. Tiranek, pentsatzekoa zen moduan, behera egin zuen azken bi luzeetan, baina iraileko igoera kanporaketari begira faboritoetako bat izango dela argi utzi zuen Moañako ontziak.
Astillero, kanpoan
Oriok lehen txandan egin zuen arraun Meira, Astillero eta Pedreñarekin batera. Hasieratik ikusi zen garaipenaren lehia Kantabriako bi ontzien artean egongo zela eta Oriok ez zuela aukerarik izango. Pedreñak etxean arraun egitearen presioa zuen eta Astillerok denboraldia amaitutzat ez emateko nahitaez finalean sartu beharrarena. Azkenean, eta justu izan arren, etxeko ontziak lortu zuen bere helburua: txanda irabazi eta gaur finalean egongo da. Astillerok, berriz, ez zuen Hondarribia eta Castroren denbora hobetu ahal izan, finaletik kanpo geratu zen eta, beraz, ezingo du Kontxako Estropadan parte hartu. Atzo Joseba Arbona pasaitarra aritu zen Astilleroko ontzian patroi lanetan.