GARA > Idatzia > Editoriala

Elikagaiak vs energia: negozioa

Ez da kontu berria nekazaritza sektorearen pixkanakako eraispen prozesua. Haren arrazoia ez da, ordea, elikagai eskaririk ez izatea; aitzitik, eskari horrek gora egin du munduan, baina nekazariek gero eta traba gehiago dituzte beren produktuak ekoizten jarraitzeko. Azkenaldion, eskari handia dela-eta, oinarrizko elikagaien salneurriek gora egin dute, baina kontsumitzaileek ez ezik, nekazariek berek ere nabaritu dute, pentsuen salneurriek ere gora egin dute, eta etekin handiena ez da nekazariena, industriena eta bitartekoena baizik. Baina igoera horretan, gainera, badu zerikusirik biltegi-jabe askok ekoizpena gordetzea nekazaritzako erregaien negozioari begira. Izan ere, sektorearentzako panazea gisa aurkezten duten horrek mundu osoan ondorio larriak izan ditzake, elikadurari lotuetatik, hala nola merkatua elikagaiz gabetzea, ekologiari lotutakoetara, esate baterako oihanak ezabatzea.

Ikustear dago nekazaritzako erregaiek energia krisia konponduko, are arinduko, duten, baina, nolanahi ere, elikagaien ekoizpena energia ekokiztera bideratzea zenbait multinazionalen interesen zerbitzuko politika da. Alegia, bakan batzuek denon arazo bat beren negozio propio bihurtu dute, denon arazo hori konpontzeko bide arrazionalak bazertu eta arazo handiagoak sortuz.

Europak ekoizteari uztea diruz laguntzeak, ekoizleei salneurri txikiak emateak eta gisako politiken bidez aritzeak nekazaritza sektorea egoera larrian utzi du. Eta horri guztiari nekazaritzako erregaien aldeko bere apustua gehitu dio. Testuinguru horretan, Euskal Herriko nekazarientzat erronka handia da politika horiei aurre egitea. EHNEren Bizkaiko presidenteak GARAri adierazi dionez, ordea, Euskal herrian posible da kalitatezko nekazaritza sektorea, «borondate politikoa izanez gero». Izan ere, kalitatea eta ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasuna, hain zuzen, izan daitezke sektorea berpiztuko dituzten faktoreak. Onuraduna, gainera, ekoizlea bera ez ezik, kontsumitzailea ere izango litzateke, produktu hobeak eta salneurri egokiagoan hartuko bailituzke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo