GARA > Idatzia > Gutunak

Aitor Esnaola Gipuzkoako Euskal Kirol eta Joko Federazioko lehendakaria

Urtzi Leginetxeri erantzunez

Abuztuaren 1ean GARAn argitaratu zen gutuna irakurri ostean, irakurlearentzat informazio aski definitua ez zela irudituta, zenbait kontu argitzera edo argitzeko eskatzera natorkizu.

Animalia probetako animalien trataerari dagokion martxoaren 13ko 40/2007 Foru Dekretua zein lurralderi dagokio? susmoa dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eginiko Dekretua dela; izan ere, Gipuzkoako Euskal Kirol eta Joko Federazioan ez dugu inongo dekreturen berririk Gipuzkoako Aldunditik. Federazioak dekretu horren harira arau berriak egin asmo dituela adierazten duzu Foru Dekretua bertan behera geldituko omen delarik. Kontu hau argitzea eskatuko nizuke.

Gutun horretan iruditzen zait ilunpean geratzen direla Federazioaren eta Aldundiaren egitekoak. Federazioko epaileen egitekoa, joko arauak betearaztea izango da edozein kasutan, eta horrela gertatzen ez den kasuetan errekurtsoak jartzeko bidea badago Federazioan. Animalien ongizaterako arauak betearaztea eta dagokien azterketak egitea Aldundiko Nekazaritza sailaren (proba garaian albaitaria) ardura dela deritzot.

Animalia probetako joko arauak egokiak ez badira, federazioetan egiten diren batzarretan proposamenak egitera bultzatzen zaitut. Gipuzkoako Federaziotik, Gipuzkoako Foru Aldundiari animalien ongizatea ziurtatu eta egin beharreko azterketak egin ostean, tratu txarrak edo doping kasuak saihesteko legea egin dezaten eskatzen eta bultzatzen dihardugu.

Eta antolatzaileak? Eta idi jabeak? Ni ez naiz iskanbila sortzen omen dutenen eta legea betetzearen alde omen daudenen artean sartuko. Baina, zer egiteko prest dago idi jabea? Idi jabe orok esan izan du idiak asko maite dituela, nahiz eta gero plazan pertsona bera ikusi izan den akuiluarekin bortizki eztenkatzen. Maitasuna adierazteko modu bitxia ezta?

Animaliei eman behar zaion tratu egokiaren alde lanean jarraitzeko asmoa baduzu (ziur nago baietz), Gipuzkoako Euskal Kirol eta Jokoen Federazioa bidelagun izango duzu, eta aurrerantzean prentsatik ordez modu naturalean harremana izango dugun esperantza eta desioa dut.

Zorionak hain animalia noble eta ederren alde kezkatzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo