GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Igor Urrutikoetxea LAB-Metalgintzako nazio idazkaria

Metaleko borroka: mahaitik lantegira eramateko ordua

Negoziazioen blokeo honetan sektore hitzarmenen aldeko borroka mahaietatik kalera eta lantegietara eraman behar dela argi dugu

Metaleko sektore hitzarmenek Hego Euskal Herrian lan arloan duten eragina nabarmena da. Izan ere, metalgintza arloan 200.000 langile inguru aritzen da lanean lau herrialdeetan. Nafarroan sektore hitzarmena indarrean da urte bukaera arte, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2007an itxurazko negoziazioa eman da. Gipuzkoan negoziazioa aurten hasi bada ere, Araba eta Bizkaian 2004tik hona ez da sektore hitzarmen adosturik izan.

«Itxurazko negoziazioa» izan dela diogu, herrialde bakoitzak bere berezitasun eta erritmo ezberdinak izan dituen arren, hiru lurraldeotan Confebasken partaide diren patronalen jarrera bertsua izan delako, elkarrizketa eza eta inposaketa ardatz dituen jokamoldea erakutsi dutelako.

Sindikatuok lanaldi murrizketari ez diogula uko egin nahi jartzen dute aitzakia edozein akordio bideri ateak ixteko, nahiz eta beste sektore batzuetan lanaldi murrizketa adostu duten aurten.

Aitzakia horren atzean izkutatzen den errealitate gordina da ez dutela gura edukietan oinarrituriko negoziazio seriorik aurrera eraman. Hala, beharginen erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata igoera murritzez aparte, ez dute beste ezertaz berba egin nahi: lanaldi murrizketari uko egiteaz gain, bajen osagarritasunaz, sektorean langileen laurdenak jasaten duten behin-behinekotasunari mugak jartzeaz, dieta eta baimenen arautze egokiaz, errelebu kontratua sekoreko langile guztientzat eskuragarri bihurtzeaz; malgutasuna areagotzea bilatzen dute, gaur egun indarrean dagoen legeria hobetuz genero berdintasuna eta euskararen normalizazioa lan eremuan ahalbidetzeko arau loteslerik ez dute izenpetu nahi...

Kasualitateak ez dira existitzen, eta SEA, FVEM-CEBEK eta Adegik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ildo beretik doazen eta kalko hutsak diruditen planteamenduak egin izanak argi erakusten du kapitalaren ofentsiba baten murgilduak garela, eta sektore eremua lurperatu nahi dutela, lan harremanak erabat indibidualizatzea bilatuz.

LABeko kideok argi dugu sektore eremua funtsezkoa dela, sektore hitzarmenek lanaldi, soldata eta bestelakoetan gutxieneko baldintza duinak ezarri behar dituztela itun propiorik ez duten enpresa txikietako beharginak babesteko. Halaber, sektore hitzarmenek itun edota hitzarmen propioa duten enpresei ere eragiten diete, akordio propioren bat duten enpresen %90ek baino gehiagok zenbait gai arautzeko (lanaldia, malgutasuna, baimenak...) sektore eremuko hitzarmena dutelako erreferentzia.

Ondo dakigu patronalek ez digutela ezer oparituko eta euren jarrera aldatzeko borrokatzea ezinbestekoa dela. Bide horretatik, eta beste batzuek hain gustoko duten sindikalgintza mediatikotik eta aurrerapenik ezagutzen ez zuten mahaiko bilera antzuen dinamikatik aldenduta, maiatzaren hasieran gainontzeko sindikatuei proposamen zehatza eta gauzagarria egin genien Gipuzkoan, ekimen mobilizatzaile indartsuei bide emateko, gero beste herrialdeetara ere zabal zitekeena: bi orduko lanuzteekin hastea, egun erdiko grebarekin jarraitu eta, ondoren, egun osokoa gauzatu. Proposamen irekia zen, sindikatuen arteko elkarlana eta zubiak eraikitzen joateko asmoz egina, eta baldintza bakarra hauxe zen: adostu zitekeen edozein paro edo greba planteamendu herrialdeko metaleko enpresa guztietan aurrera eramatea. Guztiei eragiten dielako sektore hitzarmenak eta LABek ez duelako inoiz onartuko metaleko langileok banatzea enpresa ituna dutenen eta ez dutenen artean.

Borroka planteamendu horrekin aurrera egiteko sindikatu guztiak aho batez aritzen baginen, hobe, baina bestela grebei ekiteko guretzat nahikoa zen negoziazioetan ordezkaritzaren gehiengoa genuen sindikatuok bat egitea. Inoren albo bakarreko betorik onartu gabe. Zoritxarrez, beste sindikatuetatik jaso genuen erantzuna ezaguna da: ELAk ez zuen onartzen deialdian sartzea enpresa ituna duten lantegiak eta, gure harridurarako, CCOOk azken mementuan Gipuzkoan gure deialdiarekin bat egiteko baldintzarik ez zegoela aipatu eta atzera egin zuen.

Horiek hala, ekainean patronalarekiko konfrontazioan urrats bat gehiago egitea erabaki genuen, Gipuzkoan eta Bizkaian gure parte-hartzea mahaian bertan behera utziz benetako negoziazio serioa ematen ez den arte. Araban ere ez dugu honelako neurria hartzea alboratu. Izan ere, sei hilabeteko negoziazioaren ondoren, Gipuzkoan, eta hiru urte eta erdiren ondoren beste lurraldeetan, lotsagarria da enpresariek alde sozialak planteaturiko edukiei erantzunik ez ematea. Denborak, zoritxarrez, arrazoia eman digu; Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek uztailean enpresetara soldata igoeren gaineko gomendioak igorri zituzten eta de facto negoziazioak apurtu zituzten. Aipatu beharra dago «gomendio» horiek, hitzak dioen bezala, ez direla derrigorrezkoak eta enpresa bakoitzaren esku geratzen dela berauek aplikatzea ala ez.

Negoziazioen blokeo honetan LABetik sektore hitzarmenen aldeko borroka mahaietatik kalera eta lantegietara eraman behar dela argi dugu. Alde horretatik, ekainean metaleko beharginen artean informazio kanpaina zabala egin genuen, eta maiatzean beste sindikatuei proposatu genien lanuzte eta grebetarako planteamenduak mahai gainean jarraitzen du. Gu, behintzat, udako beroak lan arloan udazkenera ere luza daitezen saiatuko gara. Espero dezagun gainontzeko sindikatuek erantzukizunez jokatu eta gurekin borrokan bat egitea.

Egoera larri eta konplexua da eta sindikatuok ere gogoeta egin beharra dugu, patronalaren jarrera harroputzak sindikatuen zatiketan baitu iturburu nagusietariko bat. Guk argi dugu geure iparra: sindikatu eta langileen arteko batasuna borrokan bilatzea, borrokarik ez badago, patronalek negoziazio mahaietara orain arteko jarrera prepotente berbera eramango dutelako eta antzezpena luzatuko dutelako. Patronalak kalean eta lantegietan presioa sentitu behar du mahaietan bere jokamoldea aldatzea gura badugu. Ez dago beste biderik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo