Plentzia Telebistak hogei urte bete ditu, gorabeheren artean
Saio-zerrendan eta emisio-orduetan aldaketak eta, tartean, etenaldirik ere izan duen arren, hogei urte betetzera iritsi da Plentzia Telebista. Egun, lan taldea hedabidea indarberritzekotan da eta, urteurrenerako, jaialdia eta programazio berezia egingo dituzte.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Orain hogei urte pasatxo, ba omen zen Plentzian herriari erretratuak ateratzeko seta zuen gizon bat. Teknologiak aurrera egin ahala, bideo-kamera ere ekarri zuen eta, denborarekin, herriko irudi artxiborik zabalena izatea lortu zuen (egun, inork aspaldiko garaietako argazkirik behar duenean, haren familiarengana jotzen du eskean). 1987ko hauteskundeak heltzear zeudela, herritarrek zuzenean jarraitzeko modua nahi eta, elkarte bilakatuta, egun Plentzia Telebista gisara ezagutzen dena eratu zuten.
«Unean uneko emisioak izan ziren hasierakoak, jende asko behar baita telebista bat abian jartzeko eta, 4.000 biztanleko herri batek telebista izate hutsa gauza handia da», kontatu du egun telebistaren ardura duen Nerea Ibargurengoitiak. Sortzeko urtetik hona etenaldi ugari eta emisio-orduetan aldaketa nabarmenak izan dituen arren, begiak aurrera jarrita dituztela ziurtatu du: «1999. urtean gazte talde bat berriro martxan jartzen saiatu bazen ere, orain hiru urte arte ez genuen lanerako egokiak ziren errealizazio gela eta platoa izatea lortu. Duela gutxi beste krisialdi modukoa izan genuen-eta, bi liberatu bakarrik geratu gara, baina asteburuetako emisioari behintzat eusten diogu». Hartara, «Bertokoak berri» erreportaje saioa eta «Atzokoak gaur» artxiboetako errepikapenen atala -Ibargurengoitiaren hitzetan, saio horri egiten diote herritarrek harrera onena- dira programazioaren alor indartsuenak, kirol emankizunekin eta Plentziako ekitaldiekin batera. Guztia kolaboratzaileen laguntzarekin egiten dute.
Hogeigarren urteurrenari begira, programazio berezia prestatzekotan dira hedabideko kideak, urte horietan guztietan eman dituzten «gauza puntakoenekin» eta, era berean, afaria eta ospakizuna ere antolatzen ari dira.
Bestalde, webgunea eraikitzeko asmotan dabiltza. Helbidea izan arren, oraindik osatzeke dute. Ibargurengoitiak azaldu duenez, etorkizunerako asmoen artean gune horrek jendea erakartzea dago: «Herritarren iradokizunak jasotzeko eta lan taldea sendotzeko balio dezala nahi dugu, jendea behar baita proiektuak aurrera egin dezan».