GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berrogeita hamar urtez gogotsu ospatu dute arrantzale eguna ondarroan

1957an hasi ziren Arrantzale Eguna ospatzen. Mende erdia pasa den arren, egun horrek herrian sortzen duen euskal giroa ez da galtzen. Kolore urdineko arropak, abarkak, portu aldeko bazkariak, eta festarako gogoa topatuko du Ondarroara hurbiltzen den edonork.

p015_f01_177x108.jpg

Ianire RENOBALES

Kostaldeko beste hainbat herritan gertatzen den bezala, ondarroarrek ere badute euren egun berezia egutegian. Hori, abuztuaren 17an ospatzen da. Baina Bizkaiko herri horretako festaren sorrera xelebrea izan zen; izan ere, herriko gazte koadrila batek sortu zuen diru faltak behartuta.

Herriko jaietako egunik bereziena da Arrantzalearena. Sortu zen momentuaz geroztik eta tradizioarekin jarraituta, mahoizko arropak eta abarkak jantzi egin behar dira. Ohitura horri irmo jarraitzen diotenez, kolore urdin iluna da nagusi kaleetan. Bestalde, lagunen konpainian, portu inguruko ardandegietan, marmitakoz eta hegaluzez osaturiko menua jatea ezinbestekoa da.

Baina, nola hasi zen aurten berrogeita hamar urte betetzen dituen ospakizun hori? Juan Balentziaga ondarroarra eta bere koadrila izan ziren sortzaileak. Gizon hori betidanik egon da buru-belarri sartuta herriko kultur-ekintzetan. Haren ustez, jaiei zerbait faltatzen zitzaien, bereziki itsasgizonen giroari zegokion esparruan. Lehen, arrantzale eguna ekainaren 29an egiten zen, San Pedro egunez. Itsasontzi handiagoak egin zituztenean, gizonek urrutiago joan behar izaten zuten eta festa galtzen zuten. Eurek egiten zuten lanaren omenez, herriko jaietan egun bat finkatu nahi zuten. Hiriaren ekonomia iturririk garrantzitsuena arrantza izan da mendeetan. Antzinatik, erbesteko herrialdeekin merkataritza harreman aktiboa mantendu izan zuten; Portugal, Ingalaterra edo Flandes herrialdeekin, adibidez.

Ondarroako koadrila bati esker

Beranduago, Aurrera Kirol Taldeko lehendakaria izan zen Balentziaga. Haren esanetan, diru beharrean zeuden, arrantzale egun bat sortu nahi zuten eta Ondarroako kirol taldearentzat berritasunak ezarri nahi zituzten, horien artean, jokalari berriak ekartzea. Gauzak hala, ideia bat bururatu egin zitzaien, Udalarekin hitzarmen bat egitea. Horrela, haren diru laguntzaren truke, taldearentzat dirua irabazteaz gain, jaietan egun berezi bat prestatuko zuten. Hasieran, Udalak ezetz esan zuen, baina koadrilakoek nolako giroa prestatu eta lortu nahi zuten azalduta, azkenean, baietza eman zioten euskal kultura sustatzeko irrikaz zegoen gazte taldeari.

Urteek aurrera egiten dute, belaunaldi berriak sortzen dira eta eurekin batera, ohitura desberdinak ere bai. Baina ondarroarrek badakite zeintzuk diren euren erroak eta festa horren bizkarrezurrak ia berdin jarraitzen du. Hala ere, Balentziagak gogoratzen du lehenengo urte haietan bere koadrilak prestatzen zuen festa. Urtero mozorrotuta ateratzen ziren kalera, edo bestela, zerbait originala jantzi behar zuten soinean. Benetan aldatu dena, egun horretarako bideratzen den diru kopurua izan da; izan ere, lehen Arrantzale Eguna 12.640 pezeta ingururekin egin zen. Ogerleko eskas haiekin, ekintza ugari prestatu zituzten: sokamuturra kalez kale, txistulariak herri osoko txokoak alaitzen, itsasoko jaiak, trainerak, kukaina, antzarak, ardandegietako bazkariak edo urdin kolorez familia osoa janztea.

Ekintza bereziak alboan utzita, urtez urte errepikatu ohi den antzeko egitaraua izango da herrian. Aurtengo Andramaixetako programan adin eta mota guztietako jendearentzako ekintzak antolatuko dituzte. Azoka, Senegal eta Uruguai jaiak, umeentzako saioak, bertsolariak, bilbainadak, Mariatxiak, Kubako musika, rock kontzertuak, dantzak, kale animazioa, herri kirolak, pilota partidak, su-festak eta antzarak izango dira. Arrantzale Egunari begira, aurtengo ospakizuna berezia izango da mende erdia betetzen duelako. Horrexegatik, sortu zenetik, ibilbide osoa osatzen duten argazkiak bilduko dira. Eurekin kale erakusketa bat egingo da Ondarroako Historia zaleak taldearen bulegoan. 2007ko edizio hau goizeko 12.00etan hasiko da kalejirarekin eta alde zaharrean egingo den dantzaldiarekin. Horrez gain, euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, kukaina, antzarak, lehiaketak, zubitik beherako saltoak eta rokodromoa izango dira. Jaieguna amaitzeko, kontzertuak egingo dira plazan, EH Sukarra eta Joxpa musika taldeen eskutik. Bestalde, herritarren parte-hartzea eta euren arteko harremanak bultzatu nahian, proposatu diren hamabost ekintzen bidez, lehiaketa moduko bat sortu dute antolatzaileek. Nahiz eta koadrilei zuzenduta egon neurri handi batean, ondarroar guztiek eman dezakete izena. Puntuak banatu egingo dira eta jaien bukaeran gehien batzen dituen taldeak, bazkaria edo afaria lortuko dute.

Nahiz eta arrantzak, ogibide moduan, XIX. mendean garrantzia galdu zuen komertzioa behera egitearekin batera, ondarroarrek betiko mantenduko dute herri honen arima Arrantzale Eguna ospatuta.

Juan Balentziaga egun honen sortzaileetako bat izan da
 

«1957ko urte hartako abuztuaren 17a berezia izan zen. Izugarrizko arrakasta izan zuen, baina, garai haietan, mota honetako jaiak ez ziren edonon ikusten, eta gauzak hala, askorentzat gehiegizkoa suertatu zen», dio sortzaileak. Horrez gain, «`desmadrea' eta lotsagabekeria zegoela esaten zen hortik, goizaldean, galtzontzilo lasterketak egiten genituelako». Dena-den, iritziak iritzi, Juanen ustez, «berrogeita hamar urte hauetan, jende pila bat izan da beti eta Euskal Herriko beste toki batzuetatik etorritakoak ere topa zitezkeen». Gaur egun, egoera bera da Balentziagaren aburuz, koadrila asko eta asko biltzen baitira herriko ardandegietan.

 
I. R.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo