GARA > Idatzia > Txirrindularitza

UCI PRO TOUR | Alemaniako Itzulia

Hamahirugarren garaipena eskuratuta, ez dago nonbait zoritxarrik Erik Zabelentzat

Jon Bru eguneko ihesaldian izan zen, baina tropelak ez zuen aukerarik eman

GARA | DONOSTIA

Pozik behar du Erik Zabelek, atzo erdietsi baitzuen Alemaniako Itzulian lortzen duen hamahirugarren garaipena. 13ak ez dakarkio, beraz, zoritxarrik.

Ihesaldietarako ona zen atzokoa, baina tropelak, murriztuta ere, ez zuen baimenik eman. Esprint nahasi baten ostean gailendu zen Zabel. Oraindik ere, Jens Voigt lidergoan dago.

Azken mendatean apurtu zen etapa. Euskaltel-Euskadiko Jon Bru eta Gerolsteinerreko Russek ihes egin zuten; Cofidiseko Moinard-ek eta Milrameko Terpstrak laukotea osatu zuten.

Tropelak hamar kilometrora atzeman zituen, baina hamar txirrindularik, tartean Cunego eta Voigt zeudela, metro batzuk hartu zituzten. Bi kilometroren faltan tropelak denak irentsi zituen eta helmugara Zabel iritsi zen buruan.

L'Aingo Tourra

Bestalde, atzo jokatu zen L'Aingo Tourreko aurreneko etapa. Hauteville Lompneseko helmugara 13 kidez osaturiko talde bat iritsi zen aurretik. Bertan, Gerolsteinerreko Beat Zberg suitzarra izan zen garaile eta bera da aurreneko liderra. Sei segundora Auber taldeko Niels Brouzes dago bigarren postuan.

Bigarren etapa, 159,5 kilometrokoa, Lagnieu eta Plastics Vale Belignaten artean izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo