GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Garai berri eta itxaropentsua?

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakaria da, berriz ere. Oraingoan Madrildik iritsitako aginduei esker, eta denok izan dugu PSNren barnean izandako liskarren berri. PSOEk ordainduko du egindakoa, eta alderdiaren batasuna aski zigortuta geldituko da. Zatiketa hitza aipatu dute batzuek eta besteek. Ez dut PSNko kideen matxinada borondatetik asko espero, baina haserrea oso sakona da, eta bide beretik jarraituz gero, aukera guziak egon daitezke. PSNk zikinkeria aunitz egin ditu, baina oraingoak ekarri dion kaltea guttitan ikusi da.

Giro honetan Miguel Sanzek esan du hasten den unea berria eta ilusionagarria izanen dela, itxaropentsua-edo. Sanzen zinismoak ez gaitu ustekabean harrapatzen, baina oraingoan pasatu da, ederki pasatu ere.

Non dago berrikuntza? Eta, batez ere, non ilusioa? Aspergarria eta ilusio hiltzailea izan da orain bukatu den epea, aldaketa itxaropena zapuztu eta betikoa inposatu delako. Sanzek lortu duen lehendakaritzak ordezkatzen du iraganeko politikagintza, iragana. PSN eta UPNren arteko ituna da berria? Hau izan da nafar politikagintzaren arau nagusia Foru Hobekuntza inposatu ziguten une beretik. Joera horrek ekarri du ekaitza, eta jendearen haserrea ez da desagertuko ilusio birtualak eraikitzen.

PSNn antzeman daiteke noraino iristen den Sanzen ilusio hori. Chivitek esaten du matxinada gorpuztuz gero, izugarrizko garbiketa eginen duela Madrilek. Hori da gobernu berriak dakarren ilusioa. Kalera atera eta UPN edo CDNkoak ez direnei galdetzekotan ez da ilusio arrastorik kausitzen. Haserrea bai, nonahi, jende ugarik oso gaizki hartu baitu gertatutakoa. Aspaldiko ibilbidearen luzapena den garai «berri» honetan ikusiko dugu haserre hori zertan zehazten den. Norbaitek uste baldin badu aste batzuetan desagertuko dela, makur dabil, ene ustetan, ez baikaude unean uneko fenomeno baten aitzinean, sakoneko krisiaren adierazpenaren aitzinean baizik.

Horretan datza Nafarroan aldaketa politikoa nahi dugunon erronka, behin ikusirik ezin dela inposatutako «Navarra foral y española» gainditu «Navarra foral y española»ren barnetik. Finean, egungo haserrea izan daiteke aldaketaren motorra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo