Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Diruaren balio eta kostua
Ez da erraza ekonomiaz ulertzea. Ez da erraza eta, gainera, horrelako albisteak, ez ulertzeaz gain, aspertu ere egiten gaituzte. «Banco central», «inyección de capital», «hipotecas basura», «euribor»... Ozta-ozta heltzen gara hilabete amaierako kontuak ateratzera duintasunez bazkaltzeko eta pare bat zerbeza hartu ahal izateko, eta beste batzuk, bien bitartean, dirua saltzen eta erosten.
Gehienok galdu egiten gara horrelako gaietan eta, normala da, «diruaren balioaz» egiten dute berba eta, guretzat, diruak daukan balioa berarekin erosi ahal duguna besterik ez da.
Baina erosi ahal ditugun gauzen artean etxebizitza aspalditik ez dago barne. «Giza eskubideen» defendatzailerik sutsuenek eskubide honetaz ahazten dira beti, adreilu ugazaben eta banku handien mesedetan. Irabazi kopurua hazi eta ugaldu bitartean, kezkarik ez. Hala ere, lantzean behin, kalkulu huts txikiak gertatzen dira eta horixe topatu dute Estatu Batuetan eta, ekonomia globalizatuaren erruz, Europan ere bai. Norbaitek ezin badio kreditu hipotekario «normal» bati aurre egin, orduan yankiek bestelako aukera bat edukitzen dute: are karuagoa den kreditu bat. «Ez daukazu dirurik, etxea erosi gura baduzu, hauxe onartu beharko duzu. Jo kontuak guk zurekin kriston arriskua hartzen dugula!».
Ordaintzen ez diren hipotekak eta hipotekak ordaindu ahal izateko beste ezertan gastatu ezin duen jendea.
Aurreko urteetan jadanik komentatzen genuen lagun artean, baina aurten ez dago beste hizpiderik gauetan. Inor ere ez kalean. Egunez bai, mundu guztia hondartzara, hondartza doakoa da-eta. Arratsaldez mugimendua egoten da kaleetan, batez ere plazan umeekin eta txikitoren bat hartzen. Gauez, baten batek bokata jaten du. Gerora, ezer ere ez. Denok etxera, telebista edo DVDren bat ikustera. Antza, ez dago dirurik kalean gastatzeko.
Baina gure bizitza kalitatea gorabehera eta denda zein taberna batzuek zarratu arren, ekonomiarentzat arazoa ez den bitartean, ez zaio mugarik ipiniko familien zor kopuru eta mailari. Ordura arte odola xurgatzen jarraituko dute. Zer xurgatu geratzen ez zaigunean eta, horren erruz, beste batzuei xurgatu ahal izateko dirurik ematen ez diegunean, hau da, diru mugimendua gelditzen denean, orduan akaso euren irabazien dezelerazioaren «krisia» konpontzen ahaleginduko dira.
Guri, egia esan, berdin. Egoera batean edo bestean egon, eredu politiko eta ekonomiko honetan egon bitartean, euren diru fluxuen arabera bizi edo biziraun beharko dugu. Ulertu arte mutur aurrean jartzen dizkiguten produktu eta erosgai guztiak astoen azenarioak besterik ez direla, euren merkatuaren apeten arabera biziko gara: lanean edo langabezian, hipoteka handiago edo txikiagoarekin, andreok lan merkatuan edo etxetik irten barik... Hemen ez dago «oportunitateen lur eremurik», tontoena ere bere etxearekin espekulatzen ahalegindu arren, mauka bakarra gutxi batzuek daukate gure itsukeriarekin. Maneiatzen dituzten fitxa hutsak izateari uko egin arte, guretzat «krisi konponbide» batere ez.