GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Sue Lorenzo Bilboko Torturatuen Asanbladaren izenean

Egia aitortu. Torturarik ez!

Juan Calvo zabarkeria profesionalak ez zuela hil dakigunok asko gara; Juan Calvo, beste bederatzi euskal herritar bezala, torturaren makineriak erail zuela ondotxo dakigunok

D uela 14 urte, 1993ko abuztuaren 19an, Ertzaintzak Juan Calvo bilbotarra atxilotu zuen. Hurrengo egunean, abuztuaren 20an, ospitalera hilik eraman zuten.

Espainiar Legedi Antiterrorista baliatuta, Ertzaintzak Juan Calvo atxilotu eta hil arte torturatu zuen Arkauten. Orduan ere, urte hauetan guztietan bezalaxe, herriarekiko konpromisoa zigortzeko eta ekiditeko duen tresna bat erabili zuen. Tortura, alegia.

Erailketa horren epaiketa egon zen arren, Calvoren heriotza zabarkeria profesionala izan zela esan zuen epaileak. Hasiera batean sei ertzain kondenatuak izan baziren ere, gerora karguak kendu eta torturatzaileek kalean jarraitu zuten, eta ardura politikoak ez dira inoiz argitu.

14 urte beranduago, 1976tik, 1936tik... bezala, torturatu egin da, eta torturatzen jarraitzen da. Torturak Estatu espainolak Euskal Herriaren kontra erabili eta erabiltzen duen guda tresna izaten jarraitzen du. Haren zerbitzura dauden indar polizial guztiek -Ertzaintza barne-, askatasun osoz dihardute tresna latz hori sistematikoki erabiltzen, inpunitate osoa dutela ondo baino hobeto badakite-eta.

Atxiloketa bakoitzari politikoen adierazpenek jarraitzen diote, polizien lana goraipatuta. Egunkariek, telebistak... beste inork jakin baino lehen, sumarioa sekretupean egon arren, atxilotuen kontrako kargu guztiak ozenki botatzen dituzte. Familiaren kexez eta beldurrez, ezjakiteaz, haiengan eragiten duen antsietateaz ez du inork hitz egiten, ez ditu inork kontuan hartzen. Auzitegi Nazional espainoleko epaileek sarekada zabalak baimentzen dituzte «por si acaso». Inkomunikazioa baimentzen dute, egoera lazgarrian askotan bere aurrean pasatzen diren atxilotuen tratu txarren salaketei muzin egiten diete, kartzelara bidaltzen gaituzte; epaile berberak torturapean sinatutako deklarazioak oinarri hartzen dituzte 5, 6, 10 edo 20 kartzela urteko zigorra ezartzeko euskaldunoi. Euskal Herriaren kontra denak balio du...

14 urte beranduago, 1976tik, 1936tik... tortura ahalbidetzen duen tresneria ondo dabil, inongo pitzadura barik. 7.000tik gora tortura salaketa 1976tik; 7.000 pertsonak baino gehiagok komisaldegietan ematen den «trato exquisito» hori zuzenean ezagutu dugu; beste milaka pertsonak (senitartekoak, lagun minak, militantzia kideak...) angustia, antsietatea, beldurra, izua... gertutik ezagutu dute. Baina euskal instituzioek, agintariek, beste aldera begiratu eta errealitate hori ezkutatzen saiatu dira. Euskal Herriaren memoria historikoaren zati handi bat ezabatu nahian dihardute.

Juan Calvo zabarkeria profesionalak ez zuela hil dakigunok asko gara; Juan Calvo, beste bederatzi euskal herritar bezala, torturaren makineriak erail zuela ondotxo dakigunok; egia aitortzeko, ardurak argitzeko, inpunitatearekin bukatzeko eskatzen dugunok. Eta horretarako lanean ari garenak asko gara, gero eta gehiago.

Berriro gertatzea ez dugulako nahi ez dugu ahazten, Euskal herriak jakiteko eskubidea duelako ez dugu ahazten... Egia aitortu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo