GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Estatuak zulatzear diren harriak dira; gu harribitxiak»

Donostiako bestak azken txanpan daude. Atzo Gazte Eguna izan zuten neska-mutil abertzaleek eta ehunka lagunek parte hartu zuten «Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» lemadun manifestazioan. Ondotik, bazkaria, sagardo dastaketa eta dantzaldia egitekotan ziren.

p018_f01_199x092.jpg

Maider IANTZI

13.00etan zen hitzordua. Zenbait gazte oihal beltz erraldoi bat zabaltzen ari zen Bulebarreko kioskoan, «Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» leloa idatzia zuena. Bitartean, neska-mutil abertzaleak inguratzen joaki ziren, askatasuna aldarrikatzeko zapiak lepoan zituztela batzuk. Ehunka ziren.

«Borroka da bide bakarra», «Independentzia, sozialismoa», «Oztopoen gainetik euskal gazteria aurrera» oihuen artean abiatu ziren Hernani kalerantz, ertzainen auto bat eta bi furgoneta aitzinean zituztela. «Segi borrokan, segi antolakuntzan» egin zuen garrasi mutil batek, eta ingurukoek txalo jo eta esaldia errepikatu zuten. «PNV, espainolen morroi», «Zuen bakea, errepresioa», «Ez gaituzue geldituko», «A ellos la ley antiterrorista»... Askatasunaren Etorbi- dean, terrazetan lasai-lasai jarrita zeuden herritarrak, autobus geltokietan itxaroten ari zirenak, bizikletan pasatzen zirenak, paseatzen ari ziren turistak... Den-denak gelditzen ziren manifestariei begira-begira. Atzerritar batzuek harridura aurpegia zuten eta baten batek argazkia ere egin zien gazteei. Espaloi bazterrean zegoen gizon batek, berriz, bat egin zuen independentistekin eta han aritu zen eztarria urratu beharrean garrasika: «Jo ta ke irabazi arte».

Musikaz eta dantzaz jantzia

Kartzeletan sakabanatutako presoak ere gogoan izan zituzten; gazteen indarrez etxera ekarriko dituztela baieztatu zuten. Batek esaldi bat oihukatzen zuen eta bertzeek errepikatu eta txalotu egiten zuten. Hala iritsi ziren berriro Bulebarrera, Okendo kalean barna, eta tren turistikoa eta ertzainen furgonetak gurutzatu ziren. Poliziakideak erne zeuden espaloitik begira, leporaino armaz beteta. Bi neska txalapartarik egin zieten ongietorria manifestariei, egurrarekin doinu goxoak sortuz. Tokia hartu eta kioskora begira jarri ziren guztiak; 1991n Guardia Zibilak Morlansen hil zituen Patxi Itziar, Jokin Leunda eta Iñaki Ormaetxea ageri ziren argazkietan, eta lore gorri bana oparitu zieten.

Lana, antolaketa, borroka

«Egoerak bere horretan dirau. Euskal Herria zapaltzen jarraitzen dute, eta PSOEk, UMPk eta PNVk ez dute erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasuna onartzen», hasi ziren azaltzen agertokira igo ziren neska-mutilak.

Ezker abertzaleak proposatutako trantsiziorako marko demokratikoari errepresioz erantzun diotela salatu zuten, eta hiru ekintza kritikatu zituzten bereziki: gazteei etxebizitza eskubidea ukatu diotela adierazi zuten alde batetik. «Espekulatzaileek kalean utzi gaituzte gutxi batzuen poltsikoak betetzeko», erran zuten. Bertzalde, «poltroneroak negozio itzela» egiten ari direla jakinarazi zuten, AHT, erraustegiak eta antzeko azpiegitura erraldoiak sustatuta; eta «Donostian inposatu duten jai eredu elitista» gaitzetsi zuten. Hori ekiditeko, herri bestak antolatzeko deia egin zuten. Euskal Herri aske eta sozialista lortzeko gakoak lana, antolakuntza eta borroka direla nabarmenduz bukatu zuten hitzaldia, eta bertze mutil bat goititu zen kioskora, Ocañako espetxean preso dagoen Markel Ormazabal donostiarrak idatzitako gutun bat irakurtzera.

Besarkada iraultzaile bero bat eta borrokan jarraitzeko animoa eman zion Ormazabalek gazte mugimenduari, baita Sarriren olerki bat gogora ekarri ere: «Labur hitz laburra da, baina luze hitza ez da luzeagoa / Preso hitza askatasunez ibili daiteke lengoaiaren esparruan / Tirano hitzak ez du botere ikaragarririk / Baina maitasun hitzak batzuetan, ustekabean, maitasuna adierazten du». Herritarren maitasuna jasotzen duela azaldu zuen, eta horrek bizipenak kartzelara eramaten dituela erran zuen. Aste Nagusia lau hormen artean pasatzen ari diren hamarka donostiar daudela oroitarazi zuen, baina modu batera edo bestera ospakizunetan parte hartzen dutela ziurtatu zuen. «Borrokan elkarrekin gaude eta garaipenean ere hala egongo gara», baieztatu zuen.

Metaforaz josia zegoen gutuna: «Bada harria behin eta berriz kolpatuz zuloa egitera iritsi denik, baina nekez lortuko du harribitxiekin. Eurek, estatuak dira zulatzear diren harri; gu, berriz, harribitxi».

Txistu doinuekin dantzatuz eta Eusko Gudariak abestuz amaitu zuten gazteek ekitaldia.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo