GARA > Idatzia > Mundua

kronika ostiralak palestinan

Harresiaren aurkako garrasia itotzeko Israelen saiakera

Ostiralak bereziak dira Palestinan. Musulmanen egun sakratua da. Jaieguna. Dendak itxita daude eta mezkitetara joaten da jendea. Hori da ohikoena edozein herri musulmanetan, baina Bi'lin-en ostiralak bereziak dira. Mezkitetara joaten dira fededunak, toki askotan bezala, baina errezoak amaitu eta berehala, mobilizazioa hasten da.

p023_f01199x96.jpg

ASKAPENAKO BRIGADA PALESTINAN

Palestinako hainbat herrik bezala Bi'lin-ek Israelek altxaturiko Harresia bertan du. Beti landu dituzten olibondo-eremuak erdibitzen ditu eta bertako ekonomia ito. Horregatik, protesta egiten dute ostiralero, lur hori berena dela ozen aldarrikatzeko. Mezkitatik atera eta berehala Harresirantz abiatzen dira manifestazioan herritarrak. Ostiralero bezala, atzerritik etorritako elkartasuna dute lagun. Europako hainbat herritatik -Euskal Herria barne- eta Japoniatik Bi'lin-era hurbildu direnak Israelen Harresia eta okupazioa onartzen ez dutela argi eta garbi utzi nahi dute. Giro alaian ateratzen da mobilizazioa, kantuka eta txaloka, olibondoen artean, Israelek Zisjordaniako lurretan ebakiondo larri baten moduan eraiki duen hesirantz.

Baina Israelgo Armadak ere badaki ostiralero Bi'lin-en mobilizazioa dagoela. Horregatik, manifestazioaren ibilbidean alanbrezko hesi bat jarri dute. Horren atzean, jeepak eta kaskoa jantzita, armak prest dituzten soldaduak daude. Hasieran oihuak jaurtitzen dituzte israeldarren aurka. Gero, hesia pasatzea erabakitzen dute. Beren lurra aldarrikatzera etorri dira.

Negarra egiteko gasa

Israeldarren erantzuna berehalakoa da. Gasa. Negarra eragiten duen gasa neurriz jaurtitzea. Horretan ere, Israel eraginkorra da. Negarra eragiteko gasak negar asko eragiten du. Batzuek zapia jartzen dute sudurrean, beste batzuek tipula puska, baina denek atzera egin behar dute. Israelen zaporea, gasarena ere, oso garratza da. Ezin da jasan.

Gasa aldentzen denean, bigarrengo saiakera egiten da, baina erantzuna, berriz, berehalakoa da. Berriro atzera egin behar dute. Baina, herriko gaztetxoek habaila prest dute. Eta harrika hasten dira. Egia esan, ia ezinezkoa da israeldarrak dauden tokira heltzea. Eta horiek oso babestuta daude, kasko eta guzti. Baina oraingoan ere, azkar erantzuten dute. Gomazko balak jaurtitzen dituzte. Gomazkoak direla esatea ez da zuzena. Horrela deitzen dituzte, baina gomazkoa duten zati bakarra, kanpoko azaltxo bat da. Barnekoa metalezkoa da. Eta konpaktoa. Horrek jotzen bagaitu, txikizio ederra egingo digu, ziur. Horixe frogatzen du Bi'lin-go gaztetxo batek erakusten duen marka. Eskerrak eskuan jo diola.

Israeldarrak, tiro egin ez ezik, manifestariak dauden tokira gero eta gehiago hurbiltzen dira. Atzera egin beharra dago. Oraingoan, ez da ezer larririk gertatu eta soldaduak hasierako tokira bueltatzen dira.

Bi'lin-go biztanleek ostiralero, egunero, pasatzen dituzte horrelakoak eta israeldarrek jaurti dutenaren hondarrak biltzen dituzte. Negar eragiteko gasaren zorroak dozenaka daude. Bertako batek guztiak pilatu eta atzerritik etorritako argazkilarien aurrean -elkartasuna adierazi nahi dutenak eta prentsakoak- pilatzen ditu. «Hauxe da Israelek ematen diguna», esaten du.

Manifestazioan atzerritik etorritako jende ugari dago. Batzuk kritikoak dira eta errepresioa ikuskizun turistiko bilakatu dela diote. Baina errepresioa badago eta larria da. Hildakoak eragiten ditu. Han erakusten dituzten argazkiak beldurgarriak dira. Beste batzuk, berriz, «hemen izango ez bagina, israeldarrek ez zuten jende hau txikitzeko inolako oztoporik izango», esaten dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo