GARA > Idatzia > Tau

Erdoganek Gasteiz laga eta Efes Pilsenen jokatuko du

Tau Baskonia eta jokalaria Erdogani falta zaion urtebeteko kontratua nola eten negoziatzen ari dira eta, bestetik, Gordan Giricek du jomugan Arabako taldeak

p038_f01_75x97.jpg

GARA | GASTEIZ

Serkan Erdogan Turkiara itzuliko da, Efes Pilsen taldera, hain zuzen. Oraindik beste urtebeteko kontratua dauka Tau Baskoniarekin, baina jokalaria eta taldea berau ahalik eta leunen nola eten negoziatzen ari dira. Arabarrek diru konpentsazioa eskatzen dute Erdoganek duen lotura hautsi eta Gasteiz utz dezan, bere nahia baita.

Bi urte eman ditu Erdoganek Gasteizen, baina azken denboraldian bere maila gutxitan baino ez du eman. Igor Rakocevic iritsi zenez geroztik minutu gutxiago jokatu ditu eta, antza denez, bere balioa gutxietsirik ikusi du turkiarrak. Hori gutxi balitz, zenbait jokalarirekin ezinikusiak ere izan ditu.

Pasa den ekainaren 12an Tau kanporaketetatik at geratu zen. Partida galduta zela, Maljkovicek Erdogan aldatu egin zuen eta turkiarra Zurbaoko zaletuak agurtzen joan zen. Liga amaitu eta gutxira Real Madrilen interesa plazaratu zen, baina azkenik, Efes Pilsenera, Turkiako talde indartsuenera joango da eskolta turkiarra.

Operazioa egintzat Turkian

Izan ere, Euskal Herrian konfirmatzeke dagoena Turkian dagoeneko egintzat jotzen dute. Hala, Turkiako hedabideek diotenaren arabera, Efes Pilsen eta Erdoganen ordezkari Maurizio Balducci akordio batera iritsi dira dagoeneko eta, falta den xehetasun bakarra Tau Baskonia eta Erdoganen arteko adostasuna lortzea da.

Esanak esan, Maurizio Balduccik kontu handiz hitzegin du Euskal Herriko hedabideentzat. «Ezin dezakegu ezertxo ere segurutzat jo oraindik. Negoziaketa oso zail baten erdian gaude eta ezin da ezer itxitzat eman oraindik», esan zuen.

Bere aldetik, Efes Pilseneko manager orokor Engin Ozerhunek baikorrago egiten zituen adierazpenak, nahiz eta kontu handiz hitz egin.

«Jokalariarekin dena dago lotuta. Orain Tau Baskoniarekin akordioa istea falta zaigu bakarrik. Hori lortzeko oso hurbil gaude, xehetasun zenbait baino ez baitira falta», adierazi zuen.

Gasteiztarrek Erdogani falta zaion urtebeteko kontratua hausteagatik diru konpentsazioa atera nahi dute eta, noski, Erdoganen hutsunea nolabait bete ere bai.

Nolabait, bai, baina ez edonola. Uda oro gertatzen den moduan, Tauren balizko interesa hainbat jokalarirengan jarri da. Azkeneko hautagaiak Jasaitis, Curry eta Mickeal izan dira. Hurbilen lituaniarrak dirudi, baina berri argiegirik gabe, nahiz eta Maccabin ez duela jarraituko ia segurua den.

Azken albisteen arabera, aldiz, Utah Jazzeko Gordan Giriçek kroaziarra da Tau Baskoniaren jomuga, nahiz eta Utahn oraindik urtebeteko kontratua geratzen zaion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo