AHTren oposizioak ez du oporrik hartzen
Sustapen Ministerio espainolak emandako epea bukatu gabe ere, atzo Bilbon, Bizkaiko Gobernu Ordezkaritzan, Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura eraikitzeko desjabetzeak direla-eta, ehunka alegazio entregatu zituzten. Erraz antzeman liteke Ministerio horrek zein asmoz hautatu zuen epe labur hori ezartzeko garaia, abuztu betean, hain zuzen. Baina herritarren erantzuna ez dirudi opor garaiak lozorroan utzi duenik. Ehunka alegazio horiek, bestalde, barregarri utzi dute AHTren kontrako oposizioa bazterreko gisa aurkezten saiatzen den mezua, ahoan beti ezezkoa dutenak baino ez direla dioena, argudiorik ez dutela egotzita. Hala zioten nork eta azalpenik eman ez dutenek, informazioa ezkutatu dutenek, elkarrizketari ateak itxi dizkiotenek. Alegazio horiek, abuztuan eta horren epe motzean aurkeztuta, erakusten dute, orain arte herritar eta udal kaltetu asko bezala, euskal gizartearen parte gero eta handiago bat ez dagoela batere konbentzituta azpiegitura horren onurez, behin eta berriz iragarri dizkioten onurez; alegazio horiek erakusten dute gero eta argiago ikusten ari dela AHTk kalte ekologiko nabarmenak eragingo dituela, eta hain egoera larrian dagoen lehen sektorearen kontrako eraso handia dela, bai eta ezinbestekoa dela lehenbailehen garraiobideen eta gizarte ereduaren gaineko eztabaida.