Euriborraren goranzko ibilbide etengabea
AEBetako hipoteka-krisia, areago administrazioetatik Europara iristeko arriskurik ez dagoela entzunda, zerbait urrun, eta ulertezin, gisa sumatzen dute herritar arruntek. Baina ekonomia «birtualaren» gain horietatik jaitsita, herritar berek ikusten dute nola, krisia tarteko zein krisirik gabe, kalterik bada, eurek jasaten dutela. Espainiako Bankuaren datuen arabera, Euriborrak, hipotekak kalkulatzeko adierazlerik erabilienak, uztailan gora egin zuen, hogeita bigarren aldiz jarraian, eta inoizko punturik altuenetik gertu dago. Horrek hipotekak berriro ere garestitzea dakar eta nabarmen garestitu ere, hipoteka ertaina duenak urtean ia 1.000 euro gehiago ordaindu beharko baitu. Soldatak, jakina, ez dira neurri berean gora egiten, eta dagoeneko familia askok benetan kezkatzeko motiboa dute. Egoera hori dela-eta, Estatu espainoleko hainbat familiak Lege konkurtsalari heldu diote, hau da, ordainketa etendura eta kiebra deklarazioa egin dute, beren ondasunak legez epe laburrean ez galtzeko. Lege konkurtsala ez da tresna berria; hala ere, orain artean inork ez zuen erabiltzen. Orain erabiltzen hasteak, beraz, egoera gero eta kezkagarriagoa den adierazle izan liteke eta hipoteken prezioak daraman bidea egoera larri batera iristear dela diotenei arrazoia emango lieke.