GARA > Idatzia > Euskal Herria

15 ETA 80 URTE ARTEKO 120 LAGUN, ELKARREKIN MUSIKA SORTZEN ETA EMOZIONATZEN

120 artistak orkestra sinfoniko handi bat osatuko dute; bastoiarekin ibiltzen direnek eta 15 urteko gazteek elkarrekin kantatu eta astinduko dituzte instrumentuak. Bihotz-belarriak irekita dituztenei oilo ipurdia jarri eta musika komunikabide sakona dela frogatuko dute. Tirri Tarrak eta Sotto Vocek kontzertua emanen dute Goikobalu, Iraurgi, Eskifaia eta Tolosako Orfeoia abesbatzekin. Gaur 23.30ean, Donostiako Konstituzio plazan.

p019_f01.jpg

Maider IANTZI

Donostiako bestetan, musika maitaleak hainbat estilotako emanaldietan gozatzen ari dira: rocka, DJen doinuak, erromeriak, Musika Hamabostaldiko kontzertuak, jotak, pop jaialdiak... Aukera benetan zabala dute eskura. Gaur, gaueko hamaika eta erdietan hitzordu berezia dute Konstituzio plazan, ikuskizun handia prestatu baitute Tirri Tarrak eta Sotto Voce Orkestrak, Goikobalu, Iraurgi, Eskifaia eta Tolosako Orfeoia abesbatzekin batera.

Tirri Tarra taldea Pasai San Pedrokoa da; 1973an sortu zuten eta lehenbiziko mende laurdenean fanfarrea izan zen. Makina bat bestatan ibiltzen zen musika, dantza eta antzerkia uztartuta giroa sortzen, baita Euskal Herritik kanpo ere, eta arrakasta itzela zuen. Orain dela zortzi urte, Sergio Zurutuza konpositorearen doinuak bildu eta disko bat kaleratu zuen, «Re + Fa» izenekoa eta rock sinfoniko estilokoa. Lan horrek euren ahots berezia izateko aukera eman ziela oroitzen dute Igor Carballo eta Joxerra Isasa taldekideek. Gazterik hasi ziren Tirri Tarran, oraindik mutikoak zirenean, eta hogei urte daramate bertan; perkusioa jotzen du lehenak eta bonbardinoa bigarrenak.

Antzerkia eta dantza alde batera utzi zituzten eta musikan jarri zuten arreta guztia. Iaz, «Luz Negra-Argi Beltz» diskoa plazaratu zutenean baieztatu egin zuten taldearen izaera berria: dagoeneko ez zen fanfarrea, musika talde sinfonikoa baizik, hainbat artistak osatua. Gaur egun, haize instrumentu pila bat dituzte, askotariko erritmo sekzioa, eta abeslari eta instrumentista bakarlariak ere bai. Orkestra sinfoniko tradizionaleko instrumentuak eta tresna modernoagoak nahasten dituzte: teklatuak, sintetizadoreak, gitarra elektrikoa, bateria...

Baina, beharbada, ekimenaren berezitasun handiena bertze taldeekin duten harremana da. Donostiako Orfeoiarekin eta Et Incarnatus Orkestrarekin batera grabatu zuen bigarren diskoa; ehun pertsona aritu ziren elkarlanean. Ondotik bost emanaldi egin zituzten Donostiako Orfeoiarekin eta Euskal Herriko hainbat abesbatzari kontzertuetan parte hartzea proposatu zioten. «Gogotsu hartu zuten ideia. Horregatik, aurten zortzi emanaldi egin ditugu zortzi abesbatzarekin -azaldu dute Carballok eta Isasak-. Horietatik lau Gipuzkoan izan dira: Arrasaten Goikobalurekin, Tolosan bertako orfeoiarekin, Azkoitian Iraurgirekin eta Hondarribian Eskifaiarekin. Sotto Voice Orkestrak ere parte hartu du guztietan».

«Huts egin ezineko hitzordua»

Pasai San Pedroko bi artistek talde guztiekin hagitz erlazio polita dutela diote, sakona ere bai zenbait kasutan. «Oso gustura hartu dute proiektua, gure musika eurena egin dute eta benetan ederra da jende gaztea eta heldua gure kantuekin disfrutatzen ikustea. Hunkitu egiten gara», adierazi digute. Gaurko kontzertuan aipatutako lau abesbatzek bat eginen dute eta 90 abeslari izanen dira orotara taula gainean. «Gure emanaldiak bereziak izaten dira beti, baina gaurkoa oraindik bereziagoa izanen da», ohartarazi dute, musikazaleentzat huts egin ezineko hitzordua dela erran aitzinetik.

Emozioz eta sentimenduz jantzitako musika da eurena, Sergio Zurutuzaren bihotzetik eta Tirri Tarraren magaletik jaioa. Doinuen bitartez ezezagunak ziren hainbat talde elkartzea eta erlazioak sortzea lortu dute, eta aurrerantzean bide beretik segitzeko asmoa dute. Euskal Herriko eta atzerriko musikariekin harremanetan egonen dira.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo