GARA > Idatzia > Kirolak

motoziklismoa

Vazquez 18. 250ekoan eta Guintoli lehena Moto GPn

GARA | BRNO

Aprilia taldeko Efren Vazquez bizkaitarra hamazortzigarren postuan sailkatu zen bihar korrituko den Txekiako Sari Nagusiko lehen entrenamenduetan. Errekaldekoak Alex Debon espainiarrak baino ia lau segundo gehiago behar izan zituen Brnoko zirkuituko ibilbidea osatzeko eta bosgarren lerro «birtualean» sartu zen atzoko jardunaldian.

Litro laurdeneko aurreneko beste postuetan Andrea Dovizioso italiarra (Honda), Jorge Lorenzo liderra (Aprilia) eta Mika Kallio (KTM) finlandiarra sailkatu ziren hurrenez hurren. Andrea Doviziosok entrenamenduetako aurreneko itzuliak aprobetxatu zituen denborarik onena markatzeko eta euriaren eraginez lehen postuan bukatu zuen eguna faboritoen aurretik.

Moto GPn, berriz, Sylvain Guintolik (Yamaha) Dunlop markak maila horretan inoiz lortu duen posturik onena erdietsi zuen denborarik onena lortu ostean. Frantziarrak bi itzuli besterik ez zituen behar izan garbi erakusteko Dunlop gurpilek ibilbide eta baldintza horietan maila oso altua eman dezaketela, eta ez zuen aukera hori galdu.

Montelimarko pilotuak sailkatzekorako pneumatikoak erabili zituen denborarik onena egiteko, eta Casey Stoner (Ducati) liderrak baino bi hamarren gutxiago behar izan zituen helmugan. Hirugarren John Hopkins (Suzuki) amerikarra sailkatu zen aurrenekotik segundo erdira eta laugarren postuan Loris Capirosi (Ducati) italiarrak bukatu zuen.

125eko saioan Lukas Pesek (Derbi) txekiarra izan zen gizonik azkarrena 2.08.201 denborarekin. Etxean korritzen ari den pilotuak behin-behineko pole-a erdietsi zuen lehen entrenamenduetan. Bigarren postuan Gabor Talmacsi (Aprilia) hungariarrak bukatu zuen jardunaldia eta hirugarren piloturik azkarrena Mattia Pasini (Aprilia) italiarra izan zen. Hector Faubel (Apilia) espainiarrak lortu zuen laugarren postua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo