Mikel Aramendi Kazetaria
Nork bere propaganda sinestea
Estatu Batuetako Estatu Idazkaritzaren ingurumarietatik jaulkitako zunda globo bat aireratu da egunotan, etorkizunerako gertaeren iragarle izan daitekeen horietakoa. Eta nork bere propaganda sinetsita jokatzeak dituen arazo guztiak barneratzen dituena.
Irango Guardia Iraultzailea nazioarteko erakunde terroristen zerrenda ospetsuan barneratzea da ahapeka iragarri den asmo estatubatuarra. Proposatzaileen arrazoibidea gardena da, axalean: lehendik zerrenda horretan dauden Hezbola eta Hamas (?) erakundeen babesle-laguntzaile-aitapontekoa omen Irango Guardia Iraultzailea; ergo...
Sakonagoan, ordea, korapilo potoloak ditu egitasmoak. Estatu baten, Irango Errepublika Islamdarraren, erakunde ofizial armatua da Guardia Iraultzailea. Armada paralelo eta ideologizatu bat, egun 125.000 kide inguru dituena, 1979ko Iraultzaren ondotik sortu eta Iraken aurkako gerra ikaragarriaren odoletan errotu zena, betekizun poliziakoak zein militarrak dituena... Horrek guztiak, noski, ez du ezintzen erakunde terrorista «ere» izan daitekeenik, munduko erakunde terroristenetako batzuk estatuen erakunde guztiz ofizialak dira, eta Irango Guardia Iraultzailearen historialak ematen du aukerarik horixe pentsatzeko.
Berezitasun oso nabariak ezartzen dizkio asuntoari, ordea. Teorian, analogiarena da lehena: Irango Guardia Iraultzailea erakunde terroristatzat har baledi, zergatik ez beste estatu-erakunde batzuk, jarduera terroristetan arituak? CIA demagun, hurbilagokoetan ez sartzearren. Eta zer gertatuko litzateke munduko estatu bakoitzak sartuko balitu zerrendan bere begitakoak, estatu erakunde etsaiak gehienetan?
Baina horixe da gutxienekoa: ditxosozko zerrenda asmakizun propagandistikoa ez beste zerbait balitz, agian, garrantzitsuak izango lirateke honelakoak... Kasu honetan, ordea, beste saihets batetik dator endredo nagusia. Arma nuklearrak eskuratzear legokeen herrialdea da Iran. Bidenabar, ziurtzat eman daiteke balizko arma atomiko horien kudeaketa Guardia Iraultzailearen esku geratuko litzatekeela...
Eta hara non bushtarren beste asmakizun propagandistiko nagusietako batekin uztartzen den: «Erakunde terrorista batek suntsipen handiko armak eskuratzea da Estatu Batuek egun duten arriskurik latzena». Irango Guardia Iraultzailea zerrendan sartuta, suposamendu larrien hori bete egingo litzateke. Ergo...