joan Mari Beloki Leitza
Benetako konponbide eta bakearen alde
Lelo hori zuen, 2001ean ETAk J. J. Mujika UPNko zinegotzia hil ondoren, Leitzako zinegotzi guztiek batera herriko plazan heldu zioten pankartak. EH(6), EA(3) eta UPN(1) taldeetakoek. Pankartatik hurbil, Mujikaren alarguna eta seme-alabak. Haien inguruan, errespetu eta heldutasun politiko handiak erakutsiz, leitzar ugari, isilik. Abuztuaren 11n sei urte bete ziren ekintza historiko hura egin zenetik. Historikoa, ordura arte bezala geroztik ere, ez delako horrelako ekimenik gauzatu.
Horra iristeko bidea, ordea, ez zen samurra izan. Mujikaren hilketa eta gero, Leitzan bizitzea izugarri gogorra egin baitzen. Herria guardia zibilez josi zuten. Espainiako presidenteak, Aznar orduan, hona etorri eta areago militartu zuen herria. Etxeetara idatzi politiko ezberdinak iritsi ziren eta horietako batek herritar batzuei mehatxu garbiak egin zien. Estatuko hedabideak eta politikariak elkarren lehian ibili ziren, Leitza eta leitzarrengatik zeinek baino zeinek astakeria handiagoa esanen zuen. Hala ere, posible izan zen egitasmo politiko kontrajarriak defenditzen zituzten zinegotziak pankarta beraren inguruan elkartzea.
Ekimena amaituta, adierazpen argigarriak egin ziren: «Dena ongi joan da eta kontzentrazioa gustatu zait; oso ados gaude» (alargunak). «Une batez nire herrian benetako bakea zegoela sentitu dut» (semeak). «Euskal Herrian bakea lortzeko, Leitzak oso lezio ona eman du; EHren proposamena segituan onartu genuen, bide honetatik etorriko baita bakea» (Caballero, UPNko zinegotziak). «Herritarrek benetan erantzun dute, ideologia ezberdinetakoek gainera» (Azpirotz, EHko alkateak).
Orain, negoziazio prozesua eten delarik, Euskal Herrian giro politikoa berriz tenkatu da. Arduradun politiko askok herritarrok zatituta eta mokoka bizi gaitezen nahi dute. Baina jendea aspertuta dago, eta bakea eta normalkuntza politikoa nahi dugunok gehiengo zabala garelakoan nago. Arduradun politikoek jarrera alda dezaten, halako ekimen ugari behar dugu. Egitasmo politiko ezberdinak defenditu arren, herritarrok bat egin behar dugu plazaz plaza. 2001ean Leitzan posible izan zenak, nonahi izan behar luke orain. Herri guztietan bertakoek asmatutako ekimen elkartzaileak behar ditugu. Abagune guztien gainetik.